Arantzako Euskara Batzordeak, Guraso Elkarteak eta Ekaitza Elkarteak antolatu eta Udalaren laguntzarekin aitzinera eramanen diren Udazkeneko Kulturaldiko ekitaldiak, urriaren 29tik azaroaren 1era izanen dira. Beti bezala, Santu Guzien Eguneko Baserritarren Egunarekin borobilduko dira.
Larunbat honetan, urriak 29, Onintza Enbeita eta Oskar Estangarekin bertso afaria izanen da Ekaitza Elkartean.
Urriaren 31n, heldu den astelehenean, 16:30etik aitzinera, haurrentzako ekitaldi mordoxka izanen dira. Berrikuntza gisa, Amaia Telletxeak gidatuta, kantak kantari ariko dira. Eskulan tailerren eta herri kirol saioaren ondotik, bestetan bezala, entzierro ttikia eginen dute. Aski tarte polita pasatu zuten orduan eta horrelakoak errepikatzea merezi du. Ekitaldi guztien ondotik, merezitako txokolate jatea eginen dute.
Egun honekin segituz, 19:00etan Zahar Txokon Jakoba Errekondo zeraindarrak solasaldia eskainiko du. Jakoba baratze kontuetan arront jauntzia da eta “Bertze ikuspegi bat landareei” buruz izenburuko mintzaldia eskainiko du. Lorezaintza, baratze, basogintza eta bertze zenbait alorretako hainbat kontu jorratzeko aukera izanen da.
Azaroaren lehenean, asteartean, aspaldiko urteetatik Ekaitza Elkarteak prestatzen duen Baserritarren Egunaren txanda izanen da. Ohi bezala, goizean herriko plaza eta frontoian bertan egindako eta hazitako hainbat produktu eta eskulan erakutsiko dira: aziendak, barazkiak, fruituak, gozokiak, opilak, zerrikiak, gaztak, artisau lanak… Denetarik ikusgai eta salgai izanen dira.
Bertze aldi batez, Arantzako ardi gazta lehiaketa ere eginen denez, parte hartu nahi duten gazta egileei goizean gazta frontoira eramateko eskatu zaie elkartetik. Horrez gain, joan den urtean bezala, Guraso Elkartearen eskutik Berako Etxegaraitarren poney-ak plazan ibilaldiak egiten ariko dira gaztetxoenekin.
Ekaitza Elkarteak ostatua ere jarriko du, tragoxkak eta pintxo beroak eskainiz.