‘Bera baserriz baserri’ ezagutzeko liburua aurkeztu dute Rosa Mari eta Totono Errandonea anaiek

TTIPI TTAPA 2011ko urriaren 24a

Fernando Mikelarena, Marisol Taberna, Rosa Errandonea, Totono Errandonea eta Juanma Molinero, aurkezpen ekitaldian. Aitor Arotzena

Argazkiekin eta jendearen datuekin osatu dute 350 orrialdeko liburu mardula

Liburu berria argitaratu dute Berako Rosa eta Jose Antonio “Totono” Errandonea anaiek: Bera baserriz baserri izenburupean, hain zuzen. Urriaren 21ean, ortziral arratsaldean egin zuren aurkezpena jendez gainezka ageri zen Kultur Etxean.

Liburu berria argitaratu dute Berako Rosa eta Jose Antonio “Totono” Errandonea anaiek: Bera baserriz baserri izenburupean, hain zuzen. Urriaren 21ean, ortziral arratsaldean egin zuren aurkezpena jendez gainezka ageri zen Kultur Etxean.

Herriko zortzi auzoetako 135 baserrien eta bertan bizitu direnen argazkiak eta datuak ageri dira, denera 764 argazki, 350 orrialde baino gehiagotan banatuak. Aurkezpen ekitaldian, egileekin batera, Marisol Taberna Berako alkatea, auzo bakoitzeko hitzaurreak idatzi dituen Juanma Molinero eta Fernando Mikelarena historialaria izan ziren.

Marisol Tabernak Errandonea anaien lana goraipatu zuen eta beti Berako historia eta gaur egungo ekitaldiak ezagutzeko eta ezagutzera emateko prest daudela gogorarazi zuen.

Juanma Molinerok ere esker hitzak izan zituen eta “gaur egungo krisiarekin, norberak bere kabuz eta patrozinatzailerik gisa honetako liburuak argitaratzeak ausardia eta herriarekiko maitasun handia” erakusten dituela aipatu zuen.

Fernando Mikelarenak Berako baserrien historiaren zati bat jakitera eman zuen. Honela, erroldaren arabera 1853an 138 baserri zeuden eta 1646an, dagoeneko 67 baserri. Alde horretatik, Altzateko jaunak urte batzuk lehenago 25 baserri errearazi zituela ere aipatu zuen. “Bera izanen da Euskal Herriko eta munduko herri bakarra karrika eta plaza bat eskainia diona herrian bertan hainbat hondamendi sortu zituen jauntxo bati” erran zuen. Liburuan ageri direnez gain, bertze zenbait baserri historiko ere desagertu direla aipatu zuen Mikelarenak, “Espainiako Independentzia Gerraren baitan, Kaxerna inguruan zegoen Garmendia Haundia baserria 1813an suntsitu zuten, errate baterako”.

Bera baserriz baserri liburuaren egileek ere hartu zuten hitza. Totono Errandoneak aipatu zuenez, “gu ez gara lan honen egileak, lan hau Berako baserritarrek egin dute, beraien etxeetako ateak zabaldu baitizkigute”. Rosa Errandoneak ere gisa berean mintzatu zen, eta aipamen berezia egin zuen baserrietako emakumeendako “beraiek baitira garai bateko zapata eta txokolate kutxetan argazkiak gorde dituztenak”. Segidan, Mikel Zubietak argazkiekin eta musikarekin prestatutako ikusentzuneko ederra erakutsi zuten eta Beralandetan eskainitako afari-berenduarekin akautu zen aurkezpen ekitaldia.

Liburua Berako kioskoetan eta ohiko dendetan salgai dago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun