Kaxerna Gaztetxeak doako ingeles ikastaroa antolatu du maila guztietako jendearentzako. Helburu nagusia komunikatzeko ingelesa ikastea izanen da, ahozkoa landuz. Baina hizkuntza idatzia ere landuko da, irakurketen bitartez eta jarduera dinamikoak ere eginen dira.
Astelehenetan izanen dira saioak, urriaren 24an hasita, hiru hilabetez, 19:30etik 21:00etara. Izen-ematea lehenbiziko klasera joaterakoan edo kaxerna_gaztetxea@hotmail.com helbide elektronikoan egiten ahal da.
Bertze aldetik, igandeko Lurraren Egunean ere postua jarriko du Kaxerna Gaztetxeak Altzateko Plazan. Gaztetxeak antolatu dituen zenbait ekintzen informazioaz gain, gaztetxearen historia, argazkiak, arropa trukea eta serigrafia tailerra ikusteko aukera izanen da. Edozeinek gaztetxeari buruz dituen iradokizunak jasotzeko ere buzoia jarriko dute. Gaztetxearen bloga “erdi martxan dagoela” ere jakinarazi dute, http://kaxernagaztetxea.blogspot.com helbidean.