Aurten mende laurdena beteko du Lurraren Egunak Berak. Gure Txokoa Elkarteak antolatuta, urriaren 23an izanen da hogeita bosgarren edizioa, baina bezperan ere izanen dira ekitaldiak.
Urriaren 22an, larunbat arratsaldeko 17:00etan Lizuniagako Igoeraren hogeita hamekagarren edizioa jokatuko da. Aurtengo berrikuntza gisara, denborak txiparekin hartuko dira eta inskripzioak, Iamotenean ez ezik Internetez egiteko aukera izanen da, kirolprobak.com webgunean. Gure Txokoako bazkideek 2 euro ordaindu beharko dute eta bazkide ez direnek, aitzinetik 4 euro eta egun berean 5 euro.
Gainerakoan, betiko ibilbidea izanen dute korrikalariek, 4,9 kilometrokoa Eztegara eta Lizuniagako kaxkoaren artean. 16 minutu eta 3 segunduko denbora hobetzen duenarentzat 300 euroko saria izanen da. Lasterketa ondoren, luntxa eskainiko da eta Larun Haizpeko bonoak eta Berako produktuen loteen zozketak eginen dira.
18:30ean, Rosa Errandoneak prestatutako Baserriak argazki erakusketa zabalduko da Labiaga Ikastolan eta 19:00etan barazkiopil lehiaketaren bosgarren edizioa jokatuko da. Irabazleek 100 euro, ardo kaxa eta oroigarria izanen dute saritzat. Trikitilariak ere ariko dira eta gauez kontzertuetaz gozatzeko aukera izanen da.
Igandea egun handia
Urriaren 23an, igande goizeko 09:30ean lehiaketarako barazkiak, gaztak eta sagardo botilak bilduko dira Ricardo Barojan. 10:30etik aitzinera eskulangileen azoka eta barazki erakusketa zabalduko dira. 90 eskulangile espero ditu Gure Txokoa elkarteak. 11:00etan Bortzirietako XXV. Gazta lehiaketa abiatuko da eta Berako trikitilariak ibiliko dira karrikaz karrika. Gazta lehiaketako irabazleak 220 euroko saria eta oroigarria eramanen ditu, eta bigarrenak 100 euro.
12:00etan sagardo lehiaketaren hamalaugarren edizioa eginen da. Musika eskolako musikarien eta Bandaren karrikabuelta ere orduan hasiko da eta Kuxkuxtu txaranga ere aterako da. Sagardo lehiaketako irabazleak 200 euroko saria jasoko du eta bigarrenak 75 eurokoa. 15:30ean Dantzateke saioa aurkeztuko du Gure Txokoak. 17:00etatik aitzinera Gure Txokoako dantzarien saioa, arpana erakustaldia, sari banaketa, enkanteak, bertsolariak eta Trikidantz taldearekin dantzaldia izanen dira Altzaten. 18:15ean Diario Vasco txapelketako pilota partidak jokatuko dira Eztegara frontoian. Egun guzian musika, taloak, jaki eta edari dastatzeak izanen dira. Euria eginen balu, ekitaldiak Altzateko frontoian eta Toki Ona kiroldegian eginen dira.