Boluntarioak lortzeko sentsibilizazio kanpaina abiatu du Elkarrizan taldeak

Aitor AROTZENA 2011ko urriaren 20a

"Behar zaitugu, behar gaituzu" kanpainari ekin diote. Aitor Arotzena

"Behar zaitugu, behar gaituzu" izenburupean Bortzirietan zabaldu nahi da bolondres sarea

Elkarrizan bolondres taldeak boluntario gehiago bereganatzeko sentsibilizazio kanpaina abiatu du “Behar zaitugu, behar gaituzu” izenburupean. Genero perspektibatik, gizonezkoak ere animatu nahi dituzte boluntario izatera, gaur egun dituzten 40 boluntarioetatik hiruzpalau bertzerik ez baitira gizasemeak.

Elkarrizan bolondres taldeak boluntario gehiago bereganatzeko sentsibilizazio kanpaina abiatu du “Behar zaitugu, behar gaituzu” izenburupean. Genero perspektibatik, gizonezkoak ere animatu nahi dituzte boluntario izatera, gaur egun dituzten 40 boluntarioetatik hiruzpalau bertzerik ez baitira gizasemeak.

Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen bidez egiten da taldearen kudeaketa eta bertzeak bertze etxeetan lagundu, adineko egoitzatan lagundu, ezintasuna duten elkarteko aisialdi jardueretan parte hartu, helduak alfabetizatu, haurrei etxeko lanetan lagun du edo ospitaletan laguntzen aritzen dira. Beti ere “norberak duen denboraren arabera”, urriaren 19an, asteazken eguerdian prentsaurrean jakinarazi zutenez. Jokin Apezetxea, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuetako teknikariarekin batera, Marian Biurrarena Elkarrizaneko koordinatzailea eta Alfonso Obeso, Pakita Urtizberea, Marixabel Zugarramurdi, Amaia Huartemendia, Fernanda Altzuguren eta Kontxi Iñarga boluntarioak izan ziren agerraldian. Denak ados azaldu ziren: “Boluntario izateak kentzen dizuna baino aunitzez gehiago ematen dizu”.

Aurten, joan den urtean bezala, zailtasun ekonomikoak dituzten haurrei etxeko lanetan laguntzeko eta helduak alfabetizatzeko lanetan ere ari dira. Irakasle lanean ari den Kontxi Iñarga aipatu zuenez, “helduekin astean bitan elkartzen gara eta esperientzia hagitz aberasgarria da, nahiz eta zailtasunak dituzten hizkuntzarekin. Haurrekin errazagoa da”.

Baina laguntza edozein motatakoa izan daitekeela ere aipatu zuen Marian Biurrarena koordinatzaileak, batzuetan aski arruntak. “Zahar Etxean musean aritzeko hiru lagun bakarrik zirela erran ziguten eta hor joaten da Elkarrizaneko boluntarioa gustora, laukotea osatzera”.

Alfonso Obesok laburbildu zuenez, “krisi ekonomikoa ez dadila gure denbora librera ere zabaldu, azken finean hau gure denbora librea bertzeekin elkarbanatzea baita”.

Zerbitzua ahalik eta profesionalena izateko asmoarekin, boluntarioei formakuntza, erantzukidetasun zibileko asegurua, kilometraje gastuen ordainketa eta jarraipena eskaintzen zaie, hilabetero koordinazio bilera egiten baita. Hain zuzen, hilabeteko bigarren astelehenetan egiten dute bilera hori eta hurrengoa, azaroaren 14ean izanen da, 11:30ean Beralandetan.

Sentsibilizazio kanpainari dagokionez, Ttipi-Ttapa aldizkarian banatu den biorrikoarekin eta prentsaurrearekin batera, Lurraren Egunean eta Lesakako Ferietan stand bana paratuko dute, informazioa banatzeko. Harremanetarako eta informazio gehiago nahi duenarentzako 948 635036 telefonora deituz edo ssb@lesaka.net helbidera idatziz egin dezake.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun