Lesakako Beti Gazte elkarteko mendi taldeak Santiago Bideko lau etapa egin ditu azken hilabeteotan. Irailaren 25ean Lantz eta Iruña artean egin zuten laugarren etaparekin akautu dute aurtengo denboraldia, baina hurrengoan Errioxaraino ailegatzeko asmoa dutela jakinarazi dute.
Irailaren 25eko ibilaldian 43 “erromesek” hartu zuten parte eta sei ordu behar izan zituzten ibilbidea osatzeko. Tartean, Soraurenen, 17 kilometro egin ondotik hameketako ederra izan zuten, bertan bizi den Bixente Apeztegia eta bere emaztearen eskutik. Indarberriturik, Iruñea bitarteko azken 13 kilometro zelaiei ekin zioten, Iruñeko Jesus eta Maria aterperaino ailegatzeko. Iruñeko sagardotegi batean bazkaldu zuten.
Santiago Bideko lau etapek aurten izan duten arrakasta ikusirik, heldu den urtean Errioxara bitarteko etapak egiteko asmoa azaldu du Beti Gazte elkarteak.