Bi bikote aritu ziren nor baino nor urriaren 1ean Igantzin jokatu zen Nafarroako Emakumezkoen Arpana Txapelketan. Alde batetik, Nerea Sorondo eta Amaia Gartzia beratarrak aritu ziren eta Ana Lopez eta Itziar Nuñez lezaundarrak bertzetik. Bikote bakoitzak etzanda paratutako 45 ontzako enborrari 10 epai eman behar izan zizkion eta hasieratik aitzinetik izan ziren beratarrek lehenbiziko aldiz lortu zuten Nafarroako txapela janztea.
Nerea Sorondok eta Amaia Gartziak, bazterretik Patxi Larretxea aholkulari zutela, zortzi minutu eta hamasei segundo behar izan zituzten proba bukatzeko eta Ana Lopez eta Itziar Nuñezek hemeretzi segundo gehiago: zortzi minutu eta 35 segundo.
Aipaturiko bi bikoteen aurtengo azken jarduna, Euskal Herriko Txapelketakoa izan zen, irailaren 3an, eta Nerea Sorondo-Amaia Gartzia bikoa txapeldunordea izan zen (05:39) eta Ana Lopez-Itziar Nuñez bikoa hirugarren sailkatu zen (06 :39).
Iazko Nafarroako txapelketari dagokionez, Ana Lopez eta Itziar Nuñez gailendu ziren (07:11), eta Sorondo eta Gartzia izan zen txapeldunordea (07:14).