Medikuaren kontsulta berria egiteko asmotan dabil Udala eta horrekin batera, Osasunbidea Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendariak oraingo kontsulta haunditzeko eta eraberritzeko emandako dirulaguntzari uko eginen dio.
Bere garaian, udal arkitektuek medikuaren kontsulta haunditzeko eta eraberitzeko obraren memoria egin eta Vianako Printzea erakundera bidali zuten eskaera. Hauen txostena, ordea, kontrakoa izan zen eta udal ordezkariek Osasunbideko arduradunekin gaia aztertzeko bilera egin zuten.
Udalaren irudiko, «onartutako proiektuarekin edo bertze alternatibarekin gutti haundituko litzateke eraikuntza eta beharrak haundiagoak dira. Horrela izan litezkeen zerbitzu guztiak ez lirateke sartuko haunditze honekin». Lekua «ttikia» geldituko dela azpimarratu dute Udaletik eta horregatik proposatu da «obra hau ez egitea eta kontsulta berri bat egiteko pentsatzea».
Hala, oraingo kontsulta handitzeko emandako dirulaguntza bertan behera geldituko litzateke eta hurrengo dirulaguntza deialdian medikuaren kontsulta berria egiteko partida bat gordetzeko eskatuko dio Osasunbideari.