Kultur Etxeko lanak azaroaren 28an hasteko asmoa

Aitor AROTZENA 2011ko urriaren 13a

Herriko Etxea prest dago kultur etxeko eta liburutegiko lanak azaroaren 28rako hasteko. Horretarako, lanen esleipena lehenbailehen egiteko asmoa azaldu du. Hain zuzen, hori da Espainiako Gobernuak onartua duen 3,6 milioi euroko dirulaguntza emateko jartzen duen baldintza, lanak aurten hastea.

Dena den, oraindik orain diru hori ziurtatuko duen ebazpenaren zain daude Herriko Etxean eta Nafarroako Gobernuarekin ere kontaktuan daude, nahiz eta oraindik ez duten bilerarik lortu. Proiektu osoa Nafarroako Gobernuak jarritako baldintzen menpe egin da eta orain­dik ez dute dirulagun­tzarik ziurtatu. Modu berean, Principe de Viana erakundearen onespenaren zain daude.

TTIPI-TTAPAren az­ken alean aipatzen zenez, irai­laren 16an gai hau aztertzeko bilera egin zen, baina bilera hori ez zuen Bilduk hu­tsa deitu, udal talde guziek baizik.

Herriko Etxetik aipatu digutenez, «epe aldetik estu gabiltza eta horregatik gauzak abudo erabaki beharra tokatu zaigu, eta ezin dugu nahi genukeen moduko prozesu parte hartzaile bat burutu, proiektu hau aitzinera ateratzeko. Hala ere, behin kultur etxea egina dagoela, hau gestiona­tzeko modu partehartzaile baten beharra ikusten dugu eta hontan herritarren inplikazioak garrantzi handia izanen du». ­

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun