Euskal Herriko bertso eskolen topaketak azaroaren 12an ospatuko dira herrian. Beeeee Eguna izenburupean eginen den ospakizunaren egitaraua goizeko 11:30ean hasiko da, partaideak Arrano ostatuan elkartzean. Eguerdian bertso poteoa eginen da, 14:00etan bazkaria izanen da Linddurrenborda sagardotegian eta bazkalondoan bertso jarriak eta sorpresak izanen dira. 19:00etan bat-bateko saioa eskainiko dute Zialdoan Alaia Martin, Xabier Silveira, Iratxe Ibarra eta Julen Zelaieta bertsolariek, Egoitz Aizpuru eta Iker Iriarte gai-jartzaileen erranetara. 22:00etatik aitzinera, Atxaspi ostatuan Oskar Estangarekin dantza eta kantua izanen da. Bortzirietako Bertso Eskolak, dena den, egitarau hau «espontaneoei esker deskuadratzea» espero du eta bertsoak laguntzeko «panderoak, albokak, bonboak, arpak eta norberaren instrumentuak onartzen dira».