Joan den urtean bezala, aurten ere gaztelera klaseak emanen dira Beran, Elkarrizan boluntario taldearen bitartez. Santi Maia eta Conchi Iñarga izanen dira irakasle.
Joan den urtean, klaseak Beralandetan eskaini ziren, baina aurten, Herriko Etxeko moldaketa lanak direla-eta udal bulegoak lehengo hiltegi zaharrean daudenez, aurten Ricardo Baroja ikastetxean emanen da ikastaroa, astearte eta ortzegunetan, 18:00etatik 19:00etara.
Ikastaroa hiru hiruhilabetekotan banatuko da eta hiruhileko bakoitzarengatik 20 euro ordainduko dira. Ikasleak klaseen %80ra joaten bada bueltatuko da diru kopuru hori. Ordainketa urriaren 6an, ortzegunean eginen da, lehenbiziko klasean. Santi Maia eta Conchi Iñarga boluntarioak izanen dira irakasle. Iaz irakasle bakarra zen eta aurten bi direnez, klaseen kalitatea hobea izanen da eta ikasleak bi taldetan banatzeko aukera izanen da, bat hasierako mailako ikasleei zuzendua eta bertzea maila teknikoagokoa.