Bi bikote ariko dira nor baino nor larunbat honetan, urriak 1, Igantzin, orduan jokatuko baita Nafarroako Emakumezkoen Arpana Txapelketa. Alde batetik, Nerea Sorondo eta Amaia Gartzia beratarrak ariko dira eta Ana Lopez eta Itziar Nuñez lezaundarrak bertzetik. Saioa 18:00etatik aitzinera jokatuko da frontoian eta bikote bakoitzak etzanda paratutako 45 ontzako enborrari 10 epai eman beharko dizkio.
Aipatu, bertzalde, txapelketa honekin batera proba konbinatu erakustaldia eskainiko dutela Bera eta Igantziko herri kirol taldeek Igantzin, San Migel besten barne, eta harrijasotze erakustaldia ere izanen da ikusgai, Iñaki eta Inaxio Perurena aita-semeen eskutik.
Euskal Herriko lokotx-biltze txapelketa igandean
Gizonezkoen Euskal Herriko lokotx-biltze txapelketa jokatuko da urriaren 2an, igande arratsaldeko 18:00etan Aizarnazabalgo Pilotaleku plazan. Fernando Etxegarai beratarra eta Andoni Lasaga etxalartarra izanen dira Nafarroako ordezkariak. Beraiekin batera, Arabako Albeto Ibañez eta Gorka Alegria, Bizkaiko Alfonso Alvarez eta Gipuzkoako Eneko Garmendia eta Jon Larrañaga lehiatuko dira. Fernando Etxegaraik zazpigarren urtez jantzi zuen iaz Euskal Herriko txapela eta aurten ere Nafarroako txapeldun izan da, baina Zazpi Herrialdeen arteko txapelketan Eneko Garmendia nagusitu zitzaion.