Urriaren 31rako aurkeztu behar dira Beti Gazteko argazki lehiaketako lanak

Aitor AROTZENA 2011ko irailaren 28a

Beti Gazte elkartearen 70.urteurrenean, argazki lehiaketa berreskuratu zuen joan den urtean eta aurtengoan ere segida eman nahi dio ekimenari. Honela, nahi duten afizionatu guziek har dezakete parte eta lanak urriaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira Beti Gazte elkartean (Beheko Plaza 9, 31770 Lesaka), gisa honetako lehiaketetan ohikoa den sistema erabiliz.

Argazkien gaia librea izanen da, baina sari berezia izanen da kirol argazkirik hoberenarentzako. Paperean egindako argazkiak aurkeztu beharko dira, zuri-beltzean edo kolorean eta digitalki manipulatu gabeak. Argazkiekin batera, CD bat bidaliko da, aurkezturiko argazkiak edukiko dituena, JPEG formatoan, 300 pppko guttiene­ko bereizmenarekin. Egile bakoitzak gehienez hiru argazki aurkezten ahal ditu eta berak erabakiko du argazkiaren neurria, nahiz eta horietako bakoi­tzak gehienez 30x40 zentimetroko kartulinean jarrita egon beharko duen.

Hiru sari emanen ditu Beti Gazte elkarteak. Lehenbizikoa, 300 euro eta trofeoa, bigarrena 200 euro eta trofeoa eta hirugarrena 100 euro. Gainera, sari berezia izanen da kirol argazkirik onenarentzat.

Antolatzaileek izendatuko duen epaimahaiak azaroaren 6an emanen du erabakia eta egun berean hasita, azaroaren 6tik 30era, erakusketa izanen da Beti Gazte elkartearen egoitzan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun