Kultur Etxearen eta liburutegiaren proiektuaz solasteko herri batzarra deitu zuen irailaren 16an Lesakako Herriko Etxeak. Gaiak interesa piztu zuen eta 60 bat lagun elkartu zen.
Lehenik, proiektuaren aurrekariak eta gaur egungo egoeraren berri eman zen Jose Emilio Del Rio zinegotziak aipatu digunez, «Nafarroako Gobernuak ez du proiektu honetarako dirulaguntzarik emanen, Herriko Etxeak ere ez du dirurik eta beraz, Madriletik jadanik onartua dagoen 3,6 milioi euroko dirulaguntza bakarrik izanen genuke, eta hori dena hilabete baino lehen aitzinera segitzea erabakitzen baldin badugu».
Pedro Burguera arkitektuak proiektu osoaren berri ere eman zuen. Zehazki, 4,8 milioi euroko aurrekontua duen proiektua zen hasierakoa eta garai bateko karmeldarren komentua egokitzeaz gain, ondoan bertze eraikin bat eginen litzateke, liburutegia, aretoak eta auditorioarekin. Guzirako dirurik ez dagoenez, Herriko Etxearen asmoa komentuaren ondoko eraikin hau egitea izanen litzateke, komentua ukitu gabe eta horretarako lanak lehiaketara ateratzeko asmoa du, 3,6 milioi euroko hasierako prezioan.