Hutsik egin gabe, Berako Dantzari Ttiki Eguna egin zen irailaren 24an, hamazazpigarren urtez Gure Txokoa Dantza Taldeak antolatuta. Berako dantzariekin batera, Ibarrako Alurr, Andoaingo Urki eta Sarako Zazpiak Bat dantza taldetako gaztetxoek karrikaz karrika erakutsi zituzten beraien dantzak lehenik, eta gero Altzateko frontoian eskaini zuten jaialdia elkarrekin.
Goizean goiz ailegatu ziren kanpoko dantza taldetakoak eta harrera egin zieten Gure Txokoakoek. Segidan auzoetara banatu ziren herriko dantzariekin batera: Ibarrako Alurr dantza taldekoak Agerrara joan ziren, Sarako Zazpiak Bat taldekoak Burga plaza aldera eta Andoaingo Urki dantza taldekoak Legia aldera. Kalejiran eta dantzan ibili ondotik, gosaldu eegin zuten eta eguerdian Iamotenean elkartu ziren, Altzatera joan eta dantza saioa eskaintzeko. Gero, kanpoko dantzariek Gure Txokoakoen etxeetara joan ziren bazkatzera eta erakusle eta musikariek Iamotenean bazkaldu zuten. Bazkaldu ondotik, jokoak izan zituzten Eztegara pilotalekuan.