Helduen matrikulazio kanpainari hasiera emateko, Bortzirietako Euskaltegiak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak irakurketa saio jarraitua antolatu zuten Lesakan joan den ortziralean, irailaren 23an. Lesakako Plaza Zaharreko kioskoan bortz herrietako 30 guraso inguruk, hainbat idazleren ipuinak biltzen dituen “Egizu lo” liburua irakurri zuten oso-osorik, hasieratik bukaeraraino.
Aurten, bereziki Bortzirietako gurasoei zuzendu nahi izan diete mezua Euskara Mankomunitatetik eta Euskaltegitik: “Zeuon euskara maila hobetzeko euskaltegian izena emateko garaiz zabiltzate oraindik. Izan ere, zuen papera funtsezkoa da euskara transmititzeko, eta euskaltegian zuen euskara maila hobetuta, bertzeak bertze, seme-alabei ipuinak irakurri eta etxerako lanekin laguntzeko moduan izanen zarete”.