Arreta goiztiarrerako fisioterapeuta eskarian arrazoia eman die Nafarroako Gobernuak bortziritarrei

TTIPI TTAPA 2011ko irailaren 21a

Arartekoaren gomendioari erantzun dio bederatzi hilabeteren ondotik

Bortzirietan 0 eta 3 urte bitarteko arreta goiztiarraren barrenean fisioterapia zerbitzua eskaintzea eskatu zuten joan den urte hondarrean Bortzirietako guraso, Oinarrizko jendarte Zerbitzuen Mankomunitate eta pediatria zerbitzuetatik. Arartekoak ere jaso zuen bortziritarren eskariaren berri eta honek Nafarroako Gobernuari helarazi zion gomendioa. Orain, bederatzi hilabete beranduago, arrazoi eman die Nafarroako Gobernuak bortziritarren eskariei. Ikusi behar arrazoia emateaz gain, zerbitzua lanean jartzen duten.

Bortzirietan 0 eta 3 urte bitarteko arreta goiztiarraren barrenean fisioterapia zerbitzua eskaintzea eskatu zuten joan den urte hondarrean Bortzirietako guraso, Oinarrizko jendarte Zerbitzuen Mankomunitate eta pediatria zerbitzuetatik. Arartekoak ere jaso zuen bortziritarren eskariaren berri eta honek Nafarroako Gobernuari helarazi zion gomendioa. Orain, bederatzi hilabete beranduago, arrazoi eman die Nafarroako Gobernuak bortziritarren eskariei. Ikusi behar arrazoia emateaz gain, zerbitzua lanean jartzen duten.

Bortzirietan 0 eta 3 urte bitarteko arreta goiztiarraren barrenean fisioterapia zerbitzua eskaintzea eskatuz idatzia sinatu zuten zerbitzu horren beharra duten hamabortz gurasok, baita Oinarrizko Jendarte Zerbitzuetako ordezkari politikoek eta teknikariak eta Osasun Zentruko pediatrak eta erizainak joan den urteko azaroaren 30ean. Eskutitza Osasunbideari eta Gizarte Ongizate Departamentuari helarazi zitzaion, arazoari lehenbailehen irteera ematea eskatuz. Nafarroako Arartekoari ere zuzenean arazoaren berri emateko joan ziren abenduaren 22an Bortzirietatik Iruñera Bortzirietako gizarte ongizate mankomunitateko presidentea eta teknikaria, pediatra eta guraso bat. Aurten, martxoaren 16an, Arartekoak babesa eman zion bortziritarren eskariari, ebazpen bidez eta eskariari bi hilabeteko epean erantzuna emateko eskatu zion Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari. Epea bete eta erantzunik eman ez ziola ikusiz, Nafarroako arartekoak berriz eskaria igorri zuen departamentura, gaia honen harira erakunde horretan egin denaz galdegiten.

 

Bederatzi hilabete beranduago erantzuna

Orain, Arartekoari erreklamazioa egin eta bederatzi hilabete beranduago, Nafarroako Gobernuak bortziritarren eskaria onartu egin du eta arrazoi eman die. Arartekoari irailaren 2an igorritako erantzunean Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteri kontseilariak ontzat jotzen du gomendioa eta “gomendatutakoaren arabera, behar diren neurriak ezarriko dira arreta goztiarreko zerbitzuaren erabiltzaile diren Bortzirietako haurrek, fisioterapia-prestazioa behar dutenek, hura beren etxetik ahal den hurbilena jasotzeko aukera izan dezaten, konduan izanda Administrazioak interes orokorra zaindu behar duela eta bateragarri egin behar dituela herritarrek zerbitzuak eskuratzeko duten eskubidea eta baliabide publikoak esleitzerakoan eduki beharreko efizientzia”. Erantzunaren edukia ikusita, Arartekoak administrazioari zehaztu dio gomendioan lurralde-esparru zehatz bat aipatzen zela, “eta, nolanahi ere, iparraldean”, eta horixe dela, hitzez hitz, Nafarroako Gobernuak onetsitako gizarte zerbitzu orokorren zorroan jasotakoa.

Bortzirietako Oinarrizko Jendarte Zerbitzuetatik “Bortzirietarako albiste garrantzitsua” dela. Zerbitzu honen beharra duten familiei ebazpena jakinarazi nahi diete eta teknikariak irailaren 21ean, asteazken eguerdian elkartzekoak dira, gero Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jartzeko.

 

Eskaria

Gaur egun, atentzio goiztiarraren baitan, logopedia eta estimulazio zerbitzuak eskaintzen dira Bortzirietan ANFAS erakundearen bidez, baina fisioterapia nahi duenak Iruñera joan beharra du. Ondorioz, errepideko arriskuaz gain, joan-etorrietarako zailtasunak daude eta horrek, fisioterapia-saioak gutxitzea ekartzen du. Gainera, joan-etorriak ordaintzeko dirulaguntzak kendu egin dira.

Bortzirietako Mankomunitateak, pediatrak eta gurasoek diotenez, legeak berak eskatzen du guttieneko zerbitzu hauek Nafarroa osoan norbere etxebizitzaren inguru hurbilean eskaintzea, atentzio pertsonalizatu eta integralaren bidez.

Bortzirietako bizilagunak gainerako nafarrekin konparatuta desberdintasun egoeran daudela salatu dute, izan ere fisioterapia zerbitzua ez da bakarrik Iruñean zentralizatua ematen, Lizarra eta Tuteraldekoek ere beraien herrietan hartzen baitute.

Horregatik, arazoa ezagutzera eman eta fisioterapia zerbitzua Bortzirietan ezartzea eskatzeaz gain, zenbait irtenbide ere proposatu dituzte, hori errazteko soluziobideak emanez. Errate baterako, dagoeneko logopedia eta estimulazio zerbitzuak Bortzirietan eskaintzen dituen ANFASi fisioterapeuta bat kontratatzeko baimena izanen litzateke aterabideetako bat, edo zerbitzua Lesakako Osasun Zentroan ematea baloratzea, edo dagoeneko haur fisioterapeuta batekin lan egiten duen Aspacerekin zerbitzua konzertatzea, edo, azkenik, fisioterapeuta Iruñetik Bortzirietara hurbiltzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun