Eguraldi euritsuari, urari eta lohiari aurre egin zioten 139 txirrindularik parte hartu zuten irailaren 18an Beti Gazte elkarteak antolatutako Mendi bizikleta proban. Kirolariek bi ibilbide zituzten aukera, bata 52 kilometrokoa eta bertzea 34 kilometrokoa. Hirutik bik ibilbide laburrena aukeratu zuten eta 50 bat lagunek luzea.
Proba lehiakorra ez denez, antolatzaileek ez dute sailkapenik egiten, baina proba luzea bukatzen bizkorrena Patxi Vila Berako txirrindulari profesionala izan zen. Ibilbide laburrean ere, bertze beratarra bat izan zen azkarrena, Lukas Sansiñena. Dena den, Beti Gaztetik aipatu dutenez, eguraldiaren eraginez, ibilbideak bere osotasunean egin beharrean, bidelasterren barna laburtuz ere ibili ziren txirrindulariak, normala denez. “Lohiarekin bakoitzak ahal zuena egin zuen” aipatu digu Beñardo Iantzi antolatzaileak.
Halere, partehartzaileak gustora bukatu zutela ere aipatu digute eta antolatzaileei animoak emanez, hurrengo urtean ere Lesakako Mendi Bizikleta ateraldia egin dadin.