Lesakako Kultur Etxea komentua ukitu gabe egin gogo du Udalak

Aitor AROTZENA 2011ko irailaren 20a

Horrela, Espainiako Gobernuak onartua duen 3,6 milioi euroko dirulaguntzarekin ordainduko lirateke lanak

Lesakako Kultur Etxearen eta liburutegiaren proiektuaz solasteko herri batzarra deitu zuen joan den ortziralean Bilduk Herriko Etxean. Gaiak interesa piztu zuen eta 60 lagun baino gehiago elkartu zen batzar aretoan.

Lehenik, proiektuaren aurrekariak eta gaur egungo egoeraren berri eman zuten Bilduko zinegotziek. Jose Emilio Del Rio zinegotziak aipatu digunez, “Nafarroako Gobernuak ez du proiektu honetarako dirulaguntzarik emanen, Herriko Etxeak ere ez du dirurik eta beraz, Madriletik onartua dagoen 3,6 milioi euroko dirulaguntza bakarrik izanen genuke, eta hori dena hilabete baino lehen aitzinera segitzea erabakitzen baldin badugu”.

Pedro Burguera arkitektuak proiektu osoaren berri ere eman zuen. Zehazki, 4,8 milioi euroko aurrekontua duen proiektua zen hasiera batean eta garai bateko karmeldarren komentua egokitzeaz gain, ondoan bertze “eraikin multikultural” bat eginen litzateke, liburutegia, aretoak eta auditorioarekin. Hori guzirako dirurik ez dagoenez, Herriko Etxearen asmoa komentuaren ondoko azken eraikin hau egitea izanen litzateke, komentua bera eta barreneko aldea kasik ukitu gabe eta horretarako lanak lehiaketara ateratzeko asmoa du, 3,6 milioi euroko hasierako prezioan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun