Bada urte saila Berako errugbi taldea desagertu zela, baina Berako errugbizaleek hitzordu interesgarria izan zuten irailaren 17an, larunbat arratsaldean Agerrako futbol zelaian. Baztan Rugby Taldea eta Arratiko Zekorrak Rugby Taldea aritu ziren aurrez aurre, bi talde hauen aurredenboraldian antolatutako partidan, Gure Txokoa elkartearen laguntzarekin.
Kontuan hartu behar da Baztango taldean Lesaka, Etxalar edo Igantziko jokalariak ere ari direla eta nolabait kirol hori ezagutzera eman nahi izan dute, Bortzirietan ere afizioa hedatzen joan dadin. Jende aunitz hurbildu zen Agerrara eta alde horretatik, helburua bete zela erraten ahal da. Guttienekoa emaitza izan zen, baina bosna berdindu zuten Baztan eta Bizkaiako errugbi taldeek. Entsegu bana egin zuten lehenbiziko zatian. Partida ondotik, "hirugarren zatia" ere izan zuten Iamotenean bi taldeetako jokalariek.
Aurtengoan, Baztan Rugby Taldeak, senior eta jubenil mailako taldeekin batera, lehen aldiz kadete mailakoa ere zelairatuko du.
BRTko talde nagusiak urrian ekinen dio denboraldiari. Urriaren 16an jokatuko du lehen partida Ordizian eta urriaren 22an Baztango zaleen aitzinean lehenbiziko partida jokatuko dute Lekarozen, Zarautzen kontra.