Errioxara bidaia antolatu du Lesakako San Fermin erretiratuen elkarteak

TTIPI TTAPA 2011ko irailaren 19a

Soinketa ikastaroa eta memoria tailerra ere eskainiko ditu

Urriaren 6rako Errioxara ateraldia antolatu du Lesakako San Fermin erretiratuen elkarteak. Goizeko 07:30ean abiatuko dira Lesakako Plazatik eta bidean gosaldu ondotik Naxera bixitatuko dute. Ondotik, Baños del Río Tobiara joanen dira, upategi eta ertzebete fabrika bat bisitatzera. Labastida bisitatu ondotik, bertan bazkalduko dute bizkortzeko moduko menu honekin: odolki errea, piperrak baratzuriekin, patatak errioxar erara, bildots txuletillak entsaladarekin eta postrerako flana izozkiarekin. Edarietan, ura, ardoa, kafea eta kopa bat kaba edo pattarra sartuak daude. Txartelak irailaren 12an hasi ziren saltzen elkartean 25 eurotan eta irailaren 30a bitarte izanen da erosteko aukera, aitzinetik autobusa betetzen ez bada. Halere, autobusa bete eta 30 pertsona gehiago apuntatuko balira, bigarren autobusa ere paratuko litzateke.

 

Jubilatuentzako soinketa

Bertze aldetik, jubilatuentzako soinketa ikastaroa antolatu du aurten ere San Fermin elkarteak. Urriaren 17tik maiatza bitarte emanen dira klaseak, astelehen eta ortzegunetan 16:00etatik 17:00etara. Izen ematea Jubilatuen Elkartean egin behar da.

 

Memoria Tailerra

Azkenik, Memoria tailerra ere doan eskainiko da San Fermin elkartearen bitartez. Irailaren 23ra arte izanen da izen emateko epea eta gehienez 15 lagun onartuko dira. Horretarako Ramoniri deitu behar zaio, 661 345639 telefonora. Tailerra urriaren 5ean hasiko da, asteazkenarekin, 16:00etatik 17:30era eta abenduaren 21ean bukatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun