Berako Elkarrizan boluntario taldeak sentsibilizazio kanpaina eginen du udazkenean, boluntario gehiago lortzeko helburuarekin. Bien bitartean, ekimen ezberdinak egin ditu taldeak, Bortzirietako Oinarrizko Jendarte Zerbitzuen Mankomunitatearen laguntzarekin.
Honela, orain arte bezala, adineko jendeari lagun egiten zaio bere etxebizitzetan. San Jose Zahar Etxera ere joaten dira Elkarrizaneko boluntarioak lagun egitera eta erresidentziak antolatzen dituen txangoetan laguntzaile moduan, baita Aspacek kudeatzen duen Maddi zentroan ere. Laguntzailerik ez duen adineko jendeari ospitalera ere lagundu diete boluntarioek.
Horretaz gain, uda honetan, baliabide urriak dituzten haurrei eskola laguntza eskaini zaie eta ikasturte berriaren hasierarekin, berriz ere gaztelera klaseei ekinen zaie Beran. Horretarako, Beralandeta erabiltzen uztea eskatu zaio Herriko Etxeari, bertan klaseak eman ahal izateko. Erretiratutako bi irakasle ariko dira klaseak ematen irailetik ekainera, astean bitan. Heldu den astean bilera bat eginen da, klase hauen funtzionamenduaren berri emateko eta ikasturte berriaren hasieran ikasleak deitzeko.
Denbora eskaintzeko prest dauden pertsonak
Elkarrizan taldeak lau urte baino gehiago daramazki lanean Beran, Bortzirietako Mankomunitateak koordinatuta eta Marian Biurrarena arduradun dela. Hilabeteko bigarren astelehenetan batzarrak egiten dituzte, boluntarioek eta teknikariek solasteko. Boluntarioei formakuntza eskaintzen zaie, zerbitzu profesionala eskain dezaten eta aseguratuak daude. Autoan egiten dituzten kilometroak ere ordaintzen zaizkie, Mankomunitateak horretarako bideratua duen diru-sail baten eta Nafarroako Gobernuaren subentzioaren bitartez. Beraien denbora eskaini behar dute boluntarioek, “eta hori aunitz da”, Bortzirietako Oinarrizko Jendarte Zerbitzuen Mankomunitatetik onartzen dutenez.