«Besta egunetan plaza ingurua trafikoarentzat itxia egonen da, urteko bertze egun batzutan egiten den bezalaxe»

TTIPI TTAPA 2011ko ira. 15a, 12:14

Oskar Txoperena

Udaletxearen barnetik gauzen pertzeptzioa erabat aldatzen dela aitortu digu Lourdesek, eta «bertzeek lehendik egin dituzten lanez hartzen den ikuspegia norbera alde honetan dagoenean ere aldatu egi­ten da. Ez da gauza bera gauzak kanpotik ikustea edo barnetik ikustea». Izan ere, maiatzaren 22az geroztik Igantziko He­rriko Etxean dauden alkate-zinegotzi guztientzat hauxe baita herri baten kudean­tzarekin duten lehenbiziko kontaktua. «Gogo­tsu eta ilusio handiarekin gaude denak –dio Lourdesek– eta aukera hau probextuz eskertu nahi ditugu herritar guztiak guregain ja­rri duten konfidantzarengatik. Espero dugu ez hutsegitea».

Eskuartean dituzten egitasmoen artean «aitzineko udalbatzak hasitako lanak bukatzea» izanen direla nagusiki aipatzen digu Lourdes Ibarluzeak. Medikuaren kontsulta handi­tzea dago horien artean, eta baita hilerria haunditzea ere. «Oraingo kontsulta ttikia gelditu da eta zoritxarrez etxe­ ho­rrek ez du aukera gehiegirik ematen haunditzeko. Aitzineko udalbatzak eginak zituen estudio batzuk eta ikusi egin beharko dugu nola segitu edo zer egin. Eta gero, kanposantua handitzeko egitasmoa ere hor dago. Ez dakit, joanen gara ikusten». Dena den, udal gehienek duten zorpetze maila dela-eta Igantziko udalak proiektu berriak aitzine­ra eramateko zailtasunik ikusten ote duen galdetuta, ez du aparteko zailtasunik ikusten. «Dirulaguntzen arabera egiten dira gauzak».

Gainerakoan, aurtengo besten egitarauak, joan den urtekoaren antzera, zazpi egun hartzen ditu. Iraileko azkeneko asteburuan hasiko dira igantziarrak motorrak berotzen eta aurten San Miguel eguna ortzeguna denez, azteazkenetik (bezpera) igandera bertze 5 egun prestatu dituzte adin guztietako herritarretan pentsatuz. «Egitarauan gauza batzuk urterokoak dira baina badira bertze gauza batzuk gazteekin eta gurasoekin batera prestatu ditugunak, berritasun pixka bat emateko programari». Eta halaxe da. Egitarauaren xehetasunak hurrengo orrialdean ageri badira ere, aipagarria iruditu zaigu, konparazio bate­ra, hiru egunez ilunabarrean haur eta gaztetxoendako zine ema­naldiak programatzea tenis zelaian. «Gero gazteek proposatuta elektrotxaranga eto­rriko da larunbatean, edo jazz dantza ikuskizuna…». Eta berrikuntzen artean, aurten bada bertze berrikuntza bat programarekin baino gehiago besta egiteko tokiarekin zerikusia duena. Izan ere, «besta egunetan plaza ingurua trafikoa­rentzat itxia egonen da. Mendi bizikleta jeitsieran eta holakoetan ere halaxe egiten da. Horrela, kotxerik gabe hobe moldatuko gara tarte horretan egoten diren gauzekin».

Besten egitarauari begiratuta zer den gehien gustatzen zaiona galdetuta, Lourdesek ez du zalantzarik agertu. «Bezperan Biltoki elkartean egiten den afaria oso polita izaten da niretzat. Gehien bat herrikoak izaten gara eta izugarri ongi pasatzen dut egun ho­rretan. Eta San Miguel egunak ere baditu gauza politak: abesbatzak kantatutako meza adibidez».

Aurtengo bestek zenbateko aurrekontua duten galdetuta, ordea, ez digu datu zehatzik eman. «Xehetasun horren berri ez dut –dio Lourdesek– baina pentsatzen dut beti bezala­tsu ibiliko dela». Zernahi dela, ageri da egitarau polit eta txukuna prestatu dela eta zalantzarik gabe, herrikoak izan edo bisitariak izan, Igantziko bestetara joaten denak izanen du gustoko ikusgarririk bestak irau­ten duten zazpi egunetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun