San Juan Xar alderdia berreskuratu eta aisiaren gune bat sortzeko, dirulaguntza jasoa du Udalak Cederna Garalur elkartearen bitartez, zehazki, Landa Garapenareko 2007-2013 urteetarako Programako Leader 4. ardatzaren barne.
Aurreikusitako dirulaguntza 3.930 eurokoa da, baina horretarako 9.000 euroko gastua egin beharra dago. Horren harira, aitzineko Udalak iturria eta inguruan zenbait moldatze lan agindu zituen. Maiatzean herriko Talotxa eraikuntza enpresa aritu zen horretan.
Baina dirulaguntza jaso ahal izateko oraindik lan gehiago egin beharrak dira: seinalizazioa paratu, xenda moldatu, barandillak paratu... Eta dirulaguntza jasotzeko lanak irailaren 30erako eginak egon behar dutela kontuan hartuz, Udalak luzapena eskatu dio Cederna Garalur elkarteari, dirulaguntza justifikatu ahal izateko. Udaletik adierazi digutenez, urrian jakinen da luzapena onartua izan den ala ez.