Uholde Arriskurako Planak eragindako desjabetze gastuei ezin izanen lieke aurre egin Udalak

Aitor AROTZENA 2011ko irailaren 14a

Biurrana eta Onin erre­ken Uholde Arriskurako Planaren inguruko lanetan ibili da uda honetan Herriko Etxea. Izan ere, Bilduk jakinarazi duenez, «Udalean sartu ginenean ohartu ginen planaren ondorioz bizilagun aunitzek kalteak jasaten zituztela beren jabetzetan eta beraiekin biltzea erabaki genuen». Proiektua ekainaren 16an jarri zen erakusketa publikoan eta hilabete beranduago bukatzen zen alegazio epea. Kaltetuek beraien alegazioak presta­tzeko aukerarik ez zutela ikusirik, Kantauriko Ur Konfederazioak alegazio epea bertze hilabete batez luzatzea onartu zuen. Konfederazioarekin izandako bileran proiektuaren kostuaren inguruko bertze jakingarri batzuk ikasi zituen Udalak. Izan ere, obraren aurrekontua 2.015.587 eurokoa eta 2007ko Espainiako au­rrekontuetan planaren­tzat onartutako dirulaguntza 2.289.900 eurokoa bada ere, lurren desja­be­tze gastua 642.253,50 eurokoa da eta Konfederazioak aipatutakoaren arabera, gastu hori udalaren gain joanen li­tzateke, «aitzi­netik jasotako informazioaren ondorioz genituen uste batzuk gezurtatuz».

Honela, Bilduren ustez, «nahiz eta plana he­rriarentzat onuragarria izan daitekeen», gastu horri ezin diola aurre egin ikusirik alegazioa jarri da Udaletxetik. Desjabetzeak ahal den neurri­an murrizteko eskatu da, horrela planaren kostua murrizteko. Modu hone­tan, ur-bideraketa planak duen kostua, hasiera batean uste zen bezala, Konfederazioak bere gain hartuko luke.

Gai honetan emandako hondar pausua, Konfederazioari alegazio epea bertze hilabete bat gehiago luzatzeko eskatzea izan da. Horrela, bai zuzenki kaltetuak direnak, beraien kexak eta alegazioak behar bezala egin ahal izanen lituzkete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun