Frantziako Alpe Garaietako Embrun hirian egiten den Embrunman distantzia luzeko triatloi gogorraren 28. edizioa jokatu zen abuztuaren 15ean. Munduko espezialistarik onenak biltzen dira, adituen ustez gisa honetako probetan dena egitera. Aurtengoan 990 kirolarik 3,8 kilometro igerian, 188 kilometro bizikletaren gainean eta maratoia, 42,195 kilometro lasterka egin behar izan zituzten. Azkeneko lau urteotan egin duten moduan, Beti Gazte-Lesaka.net taldeko Bixente Igartzabal eta Alejo Sarobe ere izan ziren lasterketan. Biek proba bukatzea lortu zuten eta Bixentek meritu handiko 21. postua eskuratu zuen (6. bere kategorian) , 11 ordu, 18 minutu eta 21 segunduko denborarekin. Igerian ez zen ongi ibili (762. postuan atera zen uretik), baina bizikletan partzial bikaina egin zuen (5. izan zen) eta maratoian ere ongi moldatu zen (33. postua). Alejo Sarobek lau ordu gehiago behar izan zituen (15 ordu, 23 minutu eta 44 segundu), baina hala ere hirugarren aldiz proba bukatzea lortu zuen eta finisher izateak zerbait erran nahi du, distantzia luzeetako triatloietan gogorrenatzat jotzen den Embrunmanaz solasterakoan. Aipatzekoa da Larra-Larraun bizikleta proban ere hirugarren postua eskuratu zuela Bixente Igartzabalek irailaren 3an.