487.419 euro gostako da Ibardingo ur-hornidura eta saneamendu lana

TTIPI TTAPA 2011ko irailaren 14a

Iasolatik Berara jaisten den hoditik ur-hartunea eginen da. Utzitako argazkia

Bentetako filtroetako ur zikinak ere saneamendu sarera bidaliko dira

Bera-Lesaka ur hornidura bateraturako lanen lehen fasean Ibardingo ur-hornidura eta saneamendu lanak Sasoi Eskabazioak enpresari eman dizkio Berako Udalak, 487.419,20 euroren truke. Lanak hiru hilabeteko epean bukatu beharko ditu.

Zehazki, Marisol Taberna Berako alkateak aipatu digunez, Usategieta aldean Iasolatik herriruntz jausten den hoditik ur hartune bat eginen da eta hontatik zabortegi inguruan eginen den bonbeo estazioko depositoak beteko dira. Ponpatze estazio honetan Ibardingo ur-biltegiraino ura eramanen duten ur-ponpak izanen dira.

Bertzetik, eta ur hornidurarako zuloak irekiko direla probextuz, Ibardinen dauden saneamenduko sarearen filtroetatik ur-zikina bidaliko da herriko saneamendu sarerat.

Zabortegiko ur zikinak dagoeneko herriko sarera daude bideratuak, eta Ibardingo filtroetako ura ere zabortegiko hodiaren bidez ga­rra­iatuko da. Ibardingo filtroak Ibardingo denden azpiko aldean daudenez, lehendabiziko zatiko altuera gaindi­tzeko, ur hauek ponpatu egin beharko dira eta, ho­rretarako, ur-zikinen­tzako ponpa­tze estazio txiki bat ere eraikiko da Ibardinen.

 

Udal bulegoa

Herriko Etxean eginen diren lanek irauten duten bitartean Berako udal bulegoak Kultur Etxera eta Beralandetara aldatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun