Berako Labiaga ikastolak Lore Jokoak antolatu ditu larunbat honetarako

TTIPI TTAPA 2011ko irailaren 14a

Bazkarirako txartelak erosteko azken eguna irailaren 14a izanen da

Aurten bigarren aldiz, Berako Labiaga ikastolak Lore Jokoak antolatu ditu. Aurtengoa egitaraua motzagoa izanen da baina lehengo urtekoa bezain interesgarria. Izan ere, programatutako iharduerak, euskal kulturarekin erlazionaturik daude: euskal jokoak, dantzak eta hitzaldia bertzeak bertze.

Aurten Lore Jokoak bi egunetan garatuko dira. Alde batetik irailaren 17a, larunbata, egun nagusia izanen da. 11:00etan errekaren garbiketa eginen da Kaxerna Gaztetxeko kideen eskutik. 12:00etan toka txapelketa eginen da bikoteka. 13:00etan gaiteroekin kalejira eginen da Eztegarako ikastolatik Ilekuetaraino. 14:00etan, 2010-2011 ikasturteko bideoaren emanaldia eskainiko da. Lehengo urteko giro aparta errepikatzeko asmoz, 14:30ean ikastolaren bazkaria eginen da Altzateko frontoian. Izena emateko epea asteazkenean, irailaren 14an bukatuko da. Bazkarirako txartelak ikastolako idazkaritzan eros daitezke. Helduek 16 euro ordaindu beharko dute eta haurrek 7 euro. Aurten ere, Lore Jokoei giro egokia emateko, inguratzen diren guztiei baserritarrez jantzita etortzeko gonbidatzen die ikastolak. Larunbateko ekitaldiak bukatzeko, 17:00etan dantzaldia izanen da.

Bertze aldetik, irailaren 23an Nafarroako konkistaren bosgarren mendeurrenari buruzko hitzaldi bat antolatu du Labiaga ikastolak, Nabarralderen eskutik. Beralandetan izanen da solasaldia, 19:30etik aitzinera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun