Irailaren 18an eginen da Berako X. Mendi itzulia eta inguruko mendietan barna 32 kilometroko ibilbide polita antolatu du Agerra Mendi Taldeak. Agerra auzoan izanen du irteera 07:00etatik 08:00etara eta parte hartzaileek Zigorriagarako bidea hartuko dute. Ondotik Manttale pasatu eta Ibardinera iritsiko dira, eta Erentzun aldera eginen dute gero. Landagaitako lepora ailegatu aitzinetik Usategietatik pasako dira. Landagaitako lepotik joanda mendizaleek zapalduko duten hurrengo tontorra Larun izanen da. Horrat iristeko Zizkuitzetik pasatu beharko dute. Labiaga izanen da hurrengo gaina Lizuniaga pasatu ondotik. Hemen bi aukera egonen dira: Labiaga igo edo igo gabe azken tontorrerako bidea hartu. Larretagaina izanen da azken gaina. Hasierako puntu berean bukatuko da ibilaldia.
Izen emateko bulegoa aste osoan
Ibilaldian parte hartzeko 10 euro ordaitu beharko dituzte federatu gabeek eta 8 euro federatuek. Izen ematea egunean bertan egin daiteke 06:00etatik 07:00etara Agerra Mendi Taldearen egoitzan edo nahi izatera aitzinetik aste osoan 18:00etatik 20:00etara Agerra Mendi Elkartean horretarako aukera izanen da. Internetez: www.mendizmendi.com webgunean.