Lesakako Bittiria auzoko bestak ospatuko dira asteburu honetan, irailaren 9tik 11ra auzoak antolatu eta auzoko hainbat komertzio, erakunde eta Lesakako Udalak lagunduta.
Irailaren 9an, ortziral arratseko 20:00etan patata tortilla txapelketa eginen da. 20:15ean saltsa erakustaldia eskainiko dute Barbaro eta bere ikasleek. 21:00etan txupinazoa botako da eta ondotik kalejira eginen da. 21:30ean Txoootx!!! Berendu afaria eginen da eta 23:00etatik aitzinera rock kontzertua Askatu eta AZ/DZ taldeekin.
Irailaren 10ean, larunbat goizeko 10:00etan diana izanen da txistulariekin. 12:00etan haurren herri krossa eginen da. 12:15ean, iaz bezala, auzoko korrikalarien arteko desafioa eginen da eta apostuak egiteko aukera ere izanen da Diego Martinez artekariaren bitartez. 14:30ean herri-bazkaria izanen da Jon Maia, Mañukorta eta Ioar Tainta bertsolariek girotua. 23:00etan berbena izanen da Gaubela taldearekin.
Irailaren 11n, igande goizeko 11:00etan haur jokoak izanen dira Eltzeta Plazan. 17:30ean Ines Bengoa ipuin kontalaria izanen da Bittiriko Plazan eta bestak bukatzeko, 18:30ean trikitixa jaialdia eginen da.