Berdintasunaren inguruko Diagnostikoa eginen du Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak

TTIPI TTAPA 2011ko irailaren 8a

Gai aztertzeko bilerak eginen dira datozen lau astelehenetan Lesakan eta Beran

Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak Berdintasunaren inguruko Diagnostikoa egin behar du aurten Bortzirietan, Berdintasunerako Nafarroako Institutuaren (INAI) laguntzarekin.

Programari arroaldi bat eman nahi dio Mankomunitateak eta Diagnostikoaren bidez, gizarte eragile ezberdinen parte hartzea lortu nahi du, eta bertzetik, dauden beharrak eta etorkizuneko lan ildoak finkatu. Horretarako, gizarte eragile horiek hurrengo lau astelehenetan eginen diren bileretan parte hartzera gonbidatu ditu.

Laugarren astelehenean, urriaren 3an, konklusioak argitaratuko dituzte. Bilerak goiz eta arratsaldez eginen dira (13:00etatik 15:00etara eta 17:30etik 19:30era) ahalik eta jende gehienak parte hartzeko aukera izan dezan.

Lehenbiziko bilera heldu den astelehenean, irailaren 12an eginen da, Lesakako Udalak Koskonta Bideko 7.ean duen erabilera anitzeko gelan.

Bigarren bilera irailaren 19an eginen da Berako Beralandetan, hirugarrena berriz ere Lesakako aretoan irailaren 26an eta konklusioak argitaratuko den hondar bilera urriaren 3an, 17:30etik 19:30era Beralandetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun