Frantziako Alpe Garaietako Embrun hirian egiten den Embrunman distantzia luzeko triatloi gogorraren 28. Edizioa burutu zen abuztuaren 15ean. Munduko espezialista onenak biltzen dira, adituen ustez gisa honetako probetan gogorrena dena egitera. Aurtengoan 990 kirolarik 3,8 kilometro igerian, 188 kilometro bizikletaren gainean eta maratoia, 42,195 kilometro lasterka egin behar izan zituzten.
Horien artean, Hervé Faure frantziarra suertatu zen garaile, eta probaren errekorra ere hobetu zuen, 9 ordu, 34 minutu eta 6 segunduko lanaren ondotik. Orain arteko marka Marcel Zamorak zeukan (9 ordu, 38 minutu eta 49 segundu), baina aurtengoan, erabaki eztabaidagarri batean, epaileek deskalifikatu egin zuten lehen postuan zegoenean, ikusle bati bere txalekoa ematerakoan kanpoko laguntza izan zuela iritzita.
Azkeneko lau urteotan egin duten moduan, Lesakako Beti Gazte-Lesaka.net taldeko Bixente Igartzabal eta Alejo Sarobe ere izan ziren lasterketan. Biek proba bukatzea lortu zuten eta Bixentek meritu handiko 21. postua eskuratu zuen (6. bere kategorian) , 11 ordu, 18 minutu eta 21 segunduko denborarekin. Igerian ez zen ongi ibili (762. postuan atera zen uretik), baina bizikletan partzial bikaina egin zuen (5. Izan zen) eta maratoian ere ongi moldatu zen, 33. Postua lortuz.
Alejo Sarobek lau ordu gehiago behar izan zituen (15 ordu, 23 minutu eta 44 segundu), bainahalere hirugarren aldiz proba bukatzea lortu zuen eta “finisher” izateak zerbait erran nahi du, distantzia luzeetako triatloietan gogorrenatzat jotzen den Embrunmanaz solasterakoan.