ERREGINA
«Ikusten dute ez naizela Arantzako baserri batekoa, baina ez naiz bereziki begiratua sentitzen, nere lana ikusten dute eta Brasil ez dela bakarrik futbola eta sanba ikusten dute. Orokorrean kirol guztiak gustatzen zaizkigu. Lana bukatu eta adineko jende aunitz etorri zait bere zapelarekin, erranez “hagitz ongi, segi horrela!”. Beraz, erregina sentitzen naiz».
Salvador de Bahia ondoko Valença «herri ttiki eta politean» jaio zen duela 39 urte Xanta Souza, baina hamalau urte daramazki bizitzen Lesakan. «Ongi gogoratzen dut eguna, 1997ko otsailaren 19a zen, dena arraro egin zitzaidan, dena ezberdina, hizkuntza ezezagunak, baina batez ere paisaiak harritu ninduen, etxeak, dena berdea…».
Herri kirolean hasi zen duela urte batzuk. Beti Gazteko neskekin Nafarroako txapeldun ere izan zen. Hain zuzen sokatiran entrenatzen ari zela, txingekin aritzeko neska bat falta zela eta modalitate horretan probatu zuen. «Hasieran hagitz zaila egin zitzaidan, ezinezkoa iruditu zitzaidan, ez dakit plaza bat egin nuen ere. Pare bat astez entrenatu eta segidan txapelketekin hasi nintzen Iruñean. Urduri nengoen, baina konturatu nintzen posible zela honetan aritzea; ezetz erran baino lehen, lehenbiziko saiatu egin behar dela». Txingetan aritzeko behar diren ezaugarriez galdetuta, «besoetan indarra izateak eta erresistentziak badute garrantzia, baina behatzen posizioa da garrantzitsuena. Txingari gaizki heltzen badiozu ez duzu zereginik, eskua irekitzen zaizun puntu batera ailegatzen baitzara eta kitto!. Entrenamenduz entrenamendu ikasten duzu teknika eta indarra hartzen duzu behatzetan. Sufritzen jakitea ere beharrezkoa da». Sokatira eta txingak eginda, aizkorarekin ere probatzen hasia da eta ingudearekin ere saiatu nahi luke. «Denak ezberdinak dira –dio Xantak– ez dute zerikusirik. Patxi Larretxearekin entrenatzen dugu astean bitan Mugairin eta heldu den urtean txapelketan ariko naiz. Aizkora polita da, baina hagitz zaila, arpana baino zailagoa. Baina gustatzen zaigulako egiten dugu, ez inork behartzen gaituelako». Izan ere, brasildarrak aipatu digunez, «Patxi Larretxeari hainbertze gustatzen zaizkio herri kirol guztiak, denak probatzera bultzatzen gaituela. Bere mundua da eta herri kirola bizi egiten du».
Aurten, Nafarroako eta Euskadiko txinga txapelketak irabazita «helburu eta amets bat» bete dituela aipatu digu Xantak. «Ez nituen espero, egunaren arabera edozeinek irabaz dezake». Azken urteetan Esther Iriarte narbartearra izana zen txapeldun, «baina sokatiran entrenatzen arazo bat izan zuen eta aurten ezin du parte hartu. Pena da, arerioak baino gehiago lagunak garelako». Iturenen jokatu zen Euskadiko txapelketan 33 plaza egin zituen Arabako Ana Mari Berasategik eta berak sufritu egin zuen marka hori gainditzeko. «Beti urduritzen naiz eta gaizki hartu nuen txinga, 26. plazarako eskua irekia nuen. Nolabait lortu nuen gainditzea».
Herri kirol batean nagusitzen den lehenbiziko kirolari brasildarra da, baina Xantak aipatzen duenez, «ni Brasilgo baserri batekoa naiz, eta han ere ttikitatik aritu behar genuen aizkoran, zama garraiatzen… han eguneroko lana zen, eta hemen berriz kirola eta horregatik gustatzen zait, ttikitako oroitzapenak ekartzen dizkidalako».
Horregatik penaz ikusten du kirola eta ohiturak lotzen dituen kirol hauetan jende gaztea ez hastea. «Kultura hori mantendu beharko litzateke, ez da galtzen utzi behar. Behin adin batera ailegatuta jendeak uztea normala da, Lesakan sokatirarekin gertatu zen bezala, baina pena da gazteek txanda ez hartzea».