Segurtasun neurri «zorrotzagoak» hartuko dira heldu den urteko sanferminetan

Aitor Arotzena 2011ko irailaren 1a

Besta komisioa sortu nahi da, «parte hartzaileagoak» izan daitezen

Aurtengo Sanferminak pasatuta, udalak besten balorazio positiboa egin du. Herrian bizi izan den besta giroa bikaina izan dela e­rran du Bilduk eta egindako balorazioa positiboa izan da, orokorrean.
Halere, segurtasun neurriak hobetzearen beharra azpimarratu nahi izan dute, «2.800 biztanleko herri bat izanik, Sanferminetako asteburuan 10.000 biztanleraino iristen gara. Honek eguneroko normaltasuna hautsi egiten du, gehiago kontrolatu beharreko egoerak sortuz, hauen artean segurtasuna eta garbitasuna». Honek duen garrantziaz ohartuta dato­rren urtera begira neu­rri zo­rrotzago eta hobeak aztertuko dituzte.
Udalaren egoera ekonomiko larriak garbitasunean gastuak moztea ekarri du eta argi azaldu dute aurten hartu diren garbitasun neurriak ez direla nahikoak izan, «asteburuan etortzen den jende kopurua ikusita, ez da harri­tzekoa sortzen den usai txar eta zakar kopurua, eta jarritako garbitasun neurriak ez dira nahikoak izan honi irtenbide egokia emateko». Herritarrei barkamenak eskatu dizkiete izandako «ondorio desatsegin eta zailengatik». Bide batez, herriko txokoak norberaren borondatez garbi­tzen lagundu duten he­rritar guztiei eskerrak eman nahi dizkie udalak.
Aipamen berezia egin nahi izan die programa ofizialetik kanpo herrian giroa jarri duten talde desberdinei eta programa ofizialean hain­bat ekitaldi aurrera eramateko lanean aritu diren bolondresei ere. Datorren urtera begira, besta komisioa sortu nahi dute «Sanferminetarako ekitaldi hobeak, hurbilagoak eta parte hartzaileagoak sortzeko asmoz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun