Abuztuaren 13an berrikuntza batekin hasi ziren bestak: haur eta helduen krosak izan ziren eta harrera ona izan zuten. Biharamunean, Jaime Iturria alkateak altxaferoa bota zuen eta herriko dantzari eta musikarien emanaldia izan zen. Amabirjin Egunean, meza, prozesioa eta herriko dantzen saioa izan zen. Arratsaldez izaniko pilota partidek ere jendetza bildu zuten. Asteartean, haurren eguna izan zen eta arratsaldez, herriko kantari eta musikari talde batek kantaldia eskaini zuen berrikuntza gisa. Azken egunean, Gregorio eta Beñat Mitxelena aita-seme eskusoinulariak lagun, kantu poteoa eta herri bazkaria egin ziren, azken hau Goiko Karrikan. Arantza Rock egunari buruz balorazio positiboa egin dute Gazte Asanbladakoek.