Adinekoentzako Jubiloteka zerbitzua eskainiko da irailetik abendura Beran

Ttipi-Ttapa 2011ko abuztuaren 30a

Hainbat ekimen egiteko aukera dute adinekoek Jubilotekan.

Ortziral honetan eginen da tailerraren aurkezpena Lagun Handiak elkartearen egoitzan

Mendekotasun arineko adinekoak zaintzen dituzten familiei aukera bat eman bidenabar, adinekoen arteko harremanak bultzatu, eta ariketa fisikoekin eta burukoekin euren egoera hobetzea da helburu nagusia.

Lana, Familia eta Bizitza Pertsonala uztartzeko II. Itun Mankomunatuaren ekimenez, Jubiloteka zerbitzua eskainiko da Beran aurten ere, Nafarroako Berdintasun Institutuak sustatuta. Mendekotasun arineko adinekoak zaintzen dituzten familiei aukera bat eman bidenabar, adinekoen arteko harremanak bultzatu, eta ariketa fisikoekin eta burukoekin euren egoera hobetzea da helburu nagusia.

Irailaren 6an zabalduko ditu ateak eta abenduaren 23ra arte eskainiko da zerbitzua, astearte eta ortziraletan 10:00etatik 13:00etara. Egunero 10:00etatik 10:15era harrera eginen dute; 10:15etik 11:00etara ariketa fisikoak; 11:00etatik 11:15era hamaiketakoa; 11:15etik 12:45era estimulazio kognitiboa landuko dute eta 12:45etik 13:00etara erlaxazioa eta agurra. Dena den, hori baino lehen, ortziral honetan, irailak 2, tailerraren aurkezpena eginen da 10:00etan Berako Lagun Handiak elkartearen egoitzan.

Izen-ematea Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatera deituta (948 635036) edo idatzita (ssb@lesaka.net) egin beharko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun