Jaime Iturria da Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakari berria

Ttipi-Ttapa 2011ko abuztuaren 23a

Estatutuek agintzen dutenari jarraiki eman diote ardura hori Arantzako alkateari

Joan den uztailaren 27an egin zen Bortzirietako Euskara Mankomunitateko Batzorde Erabakitzailearen legegintzaldiko lehenbiziko bilera. Lehenagotik osatu zituzten herri bakoitzeko udalbatzak, baita euskara mankomunitateko ordezkariak aukeratu ere. Mankomunitateko erabaki organoa zazpi ordezkarik osatzen dute, bina Bera eta Lesakakoak, eta bana Arantza, Etxalar eta Igantzikoak. Lehenbiziko bilera hartan, estatutuek agintzen dutenari jarraiki, Arantzako ordezkaria izendatu zuten Bortzirietako Euskara Mankomunitateko Lehendakari: Jaime Iturria MItxelena, Arantzako alkatea. 

Harez gain, honako ordezkari hauek osatzen dute Batzorde Erabakitzailea: Jon Abril Olaetxea eta Garaxi Taberna Telletxea Beratik, Miguel Mari Irigoien Sanzberro Etxalartik, Lourdes Ibarluzea Irureta Igantzitik, eta Ainara Flores Compains eta Izaro Mitxelena Rekondo Lesakatik.

Dena den, ez dira soilik ordezkari politikoak aldatu. Uztailaz geroztik, Euskara Mankomunitateak idazkari berria baitu: Jon Etxague Goia aranztarra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun