Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen ekimenez, eta Lesaka eta Berako bestetan egin duen bezala, Arantzan eta Etxalarren ere bestabusa ibiliko da bortz herrietan barna. Abuztuaren 13an eta 14an eskainiko da zerbitzua.
Arantza eta Etxalarrera doan lehendabiziko autobusa 20:45ean aterako da Beratik, Toki Ona Institutuko aparkalekutik. Handik Lesakara joanen da eta suhiltzaileen aparkalekuan eginen du geldialdia 21:00etan. Etxalarrerako bidea hartuko du gero eta 21:15ean ailegatuko da. Arantzara joan nahi izanez gero, autobus hori bera Igantzira joanen da 21:30erako eta 21:45erako Arantzako aparkalekuan izanen da. Ibilbide bera eginen du 23:15ean eta 05:30ean Beratik aterako diren autobusek, 23:45ean eta 05:45ean Etxalarren eta 00:15ean eta 06:30ean Arantzan izanen dira. Horrez gain, 02:30ean Etxalartik Arantzarako bertze autobus zerbitzua eskainiko da, Igantzin geldialdia egin ondotik.
Itzulerako orduak hauek izanen dira: Arantzako aparkalekutik 21:45ean, 03:00etan eta 06:30ean abiatuko dira autobusak, eta Berara 22:45ean, 04:00etan 07:30ean ailegatuko dira. Horrez gain, 00:15ean abiatuko den bertze autobus bat ere izanen da, baina hau Etxalarreraino joanen da, 00:45erako. Joan-etorriaren prezioa bortz eurokoa da.