Arantzako Udalaren eta Besta Batzordearen ekimenez, aurten lehenbiziko aldiz haurren eta helduen krosa eginen da Arantzako bestetan. Bikoteka egin beharrekoa izanen da eta larunbat honetan, abuztuak 13, izanen da.
Neska-mutikoak izanen dira abiatzen lehenbizikoak. 17:00etan plazatik atera eta Larreta auzora joan-etorria egin beharko dute, kilometro bat exkax guztira. Ordu erdi beranduago abiatuko dira helduak, 17:30in. Eta hauek bi ibilbide izanen dituzte aukeran: 5,5 kilometrokoa bat eta 8 zortzi kilometrokoa bertzea. Plazatik aterako dira bi ibilbideak eta Larreta auzo aldera hartuko dute. Handik aitzinera eginez, Azkilarrea auzora sartuko dira Gainserberko borda baserri aldera ateraz. Pistari segitu eta goiti egin beharko dute lasterkalariek. Gero Larrainenborda baserri aldera jeitsiko dira. Handik ur depositu berrirako bidea hartuko dute eta behin Meakara ailegatuta, hemendik herrira joanen dira ibilbide laburrena aukeratzen dutenak. Bertzeak, berriz, Argatxo aldera igoko dira eta handik herri aldera jeitsi. Plazan akautuko da ibilbidea.
Izen-ematea
Izen-ematea egun berean egin beharko da. 16 urtetik beheitikoek dohainik izanen dute eta gainerakoek bortz euro ordaindu beharko dituzte. Lasterketaren bukaeran, parte hartzaileendako berendua izanen da plazan eta inork espero ez dituen saridunak izanen direla ere iragarri dute antolatzaileek.