Berako Aralarrek besten hasierako gertaerak eta alkatearen kontrako pintada gaitzetsi ditu

TTIPI TTAPA 2011ko abuztuaren 4a

Berako alkatesaren kontrako pintadak agertu dira berriz ere Herriko Etxeko paretetan. Utzitako argazkia

"Kontsentsua puskatzea eta giroa kaskartzea" leporatzen dio Bilduri

Berako Aralarrek besten hasierako txupinazoan izandako gertaerak eta, Sanesteban egunean, alkatearen kontra agertutako pintadak deitoratu nahi izan ditu prentsa-ohar bidez.

Berako Aralarrek besten hasierako txupinazoan izandako gertaerak eta, Sanesteban egunean, alkatearen kontra agertutako pintadak deitoratu nahi izan ditu prentsa-ohar bidez.

Aralarrek aipatu duenez, bestak herritarren elkargune eta giro onean jarduteko lanean aritu da antzineko legegintzaldietan zein oraingoan, eta “horren lekuko da herriko elkarte eta eragile guztiekin adostutako besten programaren koordinazioa talde honek egin duela, tartean 10.000 euro baino gehiagoko laguntza zuzenak emanez herriko elkarteei programa osatzeko”.

Txupinazoaren aitzinetik presoen ikurrak Herriko Etxeko balkoian paratu zituzten Bilduko kideek, “antzineko ortzegunean, osoko bilkuraren ondotik inolako ikurrik ez paratzea adostu zenean Herriko Etxean” Aralarren idatziaren arabera. Erabaki horren kontra egitea, kontsentsua puskatzea eta giroa kaskartzea leporatzen dio Berako Aralarrek Berako Bilduri.

Sanesteban egunez, Marisol Taberna alkatearen kontrako pintadak agertu dira Herriko Etxeko paretetan. Bigarren aldia da udal talde honen eta bere kideen kontrako pintadak agertzen direna, “eta Bilduk isilik segitzen du, herrian zein Nafarroan” dio Aralarrek. Alderdi honen ustez, “jarrera honek ez dio erantzuten “garai politiko berri batean” gaudela dioten leloari. Praktikan, jarrera aldatu baino, tentsioa handitu eta giroa kaskartzeko joera hartu du Bilduk Beran”.

Gertaera hauen aitzinean jarrera argia eta irmoa eskatu dio Aralarrek Bilduri, eta bakea herrietatik lantzen hasi behar dela gogorarazi dio, eta “ez soilik agintari batzuen diskurtsoetan”.

Bestak giro onean eta tentsiorik gabe joan daitezen lan egin dezan eskatu dio Aralarrek Bilduri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun