San Esteban eguneko ekitaldiak goizetik hasi dira Beran, txistularien argisoinuarekin. 10:30an punttu punttuan Udalbatzak, txistulariek eta makil dantzariek, Berako bandera aitzinean zutela, Herriko Etxetik San Esteban elizarako ibilbide laburra egin zuten, San Estebanen ohoretan eta Berako Abesbatzak lagundurik eman den Meza Nagusia aditzera. Fátima Gonzalez Burgeteren zuzendaritzapean, zoragarri abestu du bertze behin Berako Abesbatzak, tartean “Cantate dominum” abesti berria ere.
Meza ondotik, berriz ere Herriko Etxera joan dira dantzariak eta udal ordezkariak, Marisol Taberna alkatea buru zutela, baina bandera balkoira igo baino lehen dantzatu Xanti Altzuguren zinegotziak banderaren dantza. Dantzariek inguratua eta Jaione Andueza alabardero lanak betetzen zituela, elizari begira egin du dantza laburra, beratarren txalo zaparrada hartuz.
Segidan, Gure Txokoa dantza taldeko nagusiek Bordondantza dantzatu dute, txistularien aginduetara, Ibai Iturria aitzinean zutela. Berekin batera, Iñigo Erkizia, Iñaki Eskudero, Ander Rodriguez, Xabier Altzuri, Mikel Goienetxe, Mikel Agara, Jon Irazoki, Imanol Moreno, Patxi Castillo, Mikel Morcillo, Iñigo Arana, Asier Andueza, Javier Pikabea eta Ibon Erdozainek dantzatu dute.
Bordondantzaren ondotik, Berako Makildantzen txanda dator. Aurten talde guziek batera egin dute, bai helduek, baita ttikienek ere. Guzira, 40 dantzari baino gehiago. Hamar makildantza egiten dira Beran, tartean Mitzeltene, Mutildantza, Hiru Txito eta Zagidantza izenekoak. Txalo zaparrada ederra jaso dute.
Segidan, Andoni Egaña eta Sebastian Lizasok bertso saioa eskaini dute Berako Herriko Etxeko balkoitik.
Arratsaldean dantza gehiago
San Estebanetan beti berezia izaten den bazkariaren ondotik, arratsaldeko dantzen txanda izanen da. Gure Txokoako dantzariek Aurreskua dantzatuko dute Herriko Etxeko plazan. Aurten Patxi Castillo eta Mikel Morcillo izanen dira mutilen kapitainak. Arratsaldeko dantzetan neskek ere parte hartzen dute: Leire Barrutia, Amaia Izquierdo, Ainara Velez, Amaia Espinosa, Estibaliz Sanchez, Izaskun Zubieta, Ainhoa Lanz, Ainhoa Retegi, Aitziber Esnaola, Maddalen Jimenez, Izaskun Agara, Eila Sagastibeltza eta aurten lehen aldiz dantzatuko duten Naia Esnaola, Itxaro Errandonea eta Eider Pikabea. Amaia Izquierdo eta Estibaliz Sanchez izanen dira aurten nesken kapitain.
Neska kapitainetako batek, Estibaliz Sanchezek aurtengoan, ardura berezia izaten du San Esteban egunean, bere etxean hartzen baitute neska dantzariek eta mutilen bi kapitainek bazkalondoko kafea. Beraien gurasoentzat lana ere bada, baina ohore handia batez ere. Gero, etxe horretatik kalejiran joaten dira dantzariak.