«Hegaztiak aztertzeko inguru zoragarrian bizi gara»

Aitor AROTZENA 2011ko abu. 4a, 10:05

Arruntak diren espeziei ere (argazkian txio arrunta) irudi ikusgarriak egiten ahal zaizkie. Jon Martinez

Gorosti Zientzia elkartearentzat begirale lanak egiten ditu naturzale lesakarrak

Garai batean, txori eta hegaztien harat-honaten bidez jakiten zuen jendeak hurrengo eguneko eguraldia, negua aitzindu edo gibeleratuko zen. Gaur egun, telebista edo Internet bidez, eguraldiaren berri izan dezakegu eta telebista eta ordenagailuari so, inor guttik begiratzen du zerura, hegaztiak ikusteko. Ehiza garaia ez bada, behinik behin. Jon Martinez lesakarrarentzat ordea, hori da bere denborapasarik gogokoena. Gorosti Natur Zientzia Elkarteko begiralea da eta Hegazti harrapari eta korbidoen zentsoa egin berri du.

 

Gorosti elkarteak 25 urte daramazki natura- zientziak lantzen Nafa­rroan, baina duela bizpahiru urte arte ez zuten hartuemana erraz­ten zuen webgunerik. «Orain webgune aski interesgarria daukate, Nafarroako bioaniztasun guztia ezagu­tzeko hagitz baliagarria, hasi animalietatik, landaredia, espeleologia… gai horietako bakoitzarentat foro bat ere badaukazu, albisteak eta horretaz gain, gida bisual bat ere bada, informazio guztia sartzen dena, xehetasun guztiekin: argazkia, zer espezie den, non aterea den argazkia… Nik hegaztien eta in­tsektuen argaz­kiak bidaltzen ditut». Hala aipatu digu Jon Martinez lesakarrak.

Hegaztien kasuan, argazkiez gain, garran­tzitsua izaten dira abistamenduak, «Afrikatik honat datozen hegaztien komentarioa sartzea foroan, “halako espeziea, halako egunetan ailegatu da eta halako lekuan ikusi da” eta argazki batekin lagundua bada, hainbat eta hobe. Datu horiek guztiak hor daude, lertxunarekin segimendu berezia egin da, Nafarroa osoan».

Estatu mailan iaz egin zen hegazti harrapari eta korbidoen zentsoa egiten ere parte hartu zuen Martinezek: «Nik 10x10 kilometro koa­droko bi kuadrikula hartu nituen, Bortziriak ingu­ruan eta Sunbillara bitarte, Etxalar ukitu gabe. Trasento delakoaren bidez egiten da azterketa, hau da, mapa batean ibilbide bat marraztu behar duzu, zortzi zatitan banatutakoa, biga­rren mailako errepide eta pistetan barna. Laguntzaile bat izan behar duzu eta bi badira hobe. Batek gidatu egiten du autoa, bertzeak behatu eta bertzeak apuntatu. Gehienez ere orduko 40 kilometrotan joan behar duzu, zure prismatikoekin, arrano bat ikusten duzula, fi­txa batean apuntatu behar dituzu datuak: espe­ziea, lekua, ordua, mapako kokapena… bele bat ikusten duzula, berdin. Gauza bat da eskualdean egitan dagoena, eta ber­tze bat ikus dezakezuna, hagitz ezberdina da. Egun batean mendira joan eta ez duzu deus ikusten eta bertze batean, hegazti pila bat. Edo goiz batean hagitz ongi eta arratsaldean zero patatero».

 

«Inguru aberatsa»

Langabezian dagoela aprobetxatuz, egunean bizpahiru ordu ematen ditu hegaztien behaketan, «eta eguraldi txarra egiten badu, bizi garen inguruan bizi garenez, lorategira atera eta intsektuak begira­tzen ditut. Intsektuei ateratako argazki gehienak etxe inguruan ateriak dira. Ez dago Afrikara joan beharrik, jendea ha­rritua gelditzen ahal da hemen ditugun intsektuekin eta argazki-kamera baten makroarekin ateratzen ahal diren irudi ikusgarriekin. Esker oneko argazkiak dira, atera ondotik forora pasatzen ditut, han identifikatzen dute espeziea eta gida bisualera pasatzen dut. Mundu interesgarria da in­tsektuena ere, eta aunitz ikasi dut, lehen ez nuen ideiarik ere eta orain ikasten ari naiz, izen zientifikoak-eta, hegaztienak arraroak badira, imajinatu intsektuenak!».

Hegaztiei dagokienez, Afrikatik datozenen artean, gure inguruan miru beltza, arrano txikia, arrano sugezalea, belatza, zapelatz liztorjalea ikus daitezke… «Horiek denak Afrikatik datoz inguru honetara, –erran digu Martinezek– barietate handia dago. Zapelatza eta miru go­rria sedentarioak dira, urte osoa ematen dute hemen. Belatz gorria, aldiz, aunitz jautsi da, ez dakit zergatik. Sai zuria etortzen da eta Aiako Harrian erruten du, baita belatz handiak ere, Kopako Harriaren ingu­ruan. Gabiraia ere hemengoa da. Uga­tza ere ikusia dut Frain inguruan eta Gorra­mendi ingu­ruan. Europako hegaztirik ttikiena ere, errege­txo bekainzuria Nafa­rroan bizi da urte osoan, 8 gramo pisatzen du».

Garai batean estuagoa baldin bazen ere, jendeak naturarekin duen zuzeneko harremana ez dela erabat galdu uste du Jon Martinezek, «baina hau, animaliak eta natura beha­tzea, mendira joatea, adin batetik aitzinera izaten da. Piriniotan 22 urteko jende gutti ikusten duzu, eta hegaztiak beha­tzen ere bai. Niri aunitz gustatzen zait mendira joatea eta hegaztiak ikustea. Beharbada base­rriko jendeak lehen bazuen ohitura hori, begiratzeko, kukua adi­tzen zuten lehenbizikoak baserritarrak ziren… mendian bizi dira eta adi­tzeko errexagoa dute. Lehen naturaren bidez gidatzen ginen gehiago, baina orain hainbertzeko informazioa daukagu! Telebista dela, Internet dela, beharbada naturarekiko ha­rreman hori zerbait galdu da, ber­tze hainbat gauza bezala». Baina hegaztien harat-honata denbora neurtzeko sistema egokia dela aipatu digu. «2006tik apuntatzen dut arrano txikia noiz ailegatzen den gure ingurura eta 3-4 eguneko gorabehera ber­tzerik ez dute izaten urte batetik bertzera, ez dute hutsik egiten».

Internetek ere bere alde ona dauka: «Nik 2006tik honat, inguru honetan agertzen ziren harrapariak apuntatzen nituen libreta batean, baina neretzako nituen… Orain, apunte horiek bertze pertsonekin konpartitzen ahal ditut bertzeak jartzen dutena ikusi, ikastaroak daude, izugarri ikasten da».

 

Milioi eta erdi negu-txonta txorik Artikutzan eman dute negua

Negu honetan txori multzo ikaragarri handiak ikusi dira harat-honatean Bortzirietan, Bertizaranan, Baztanen… Milaka eta milaka txori hegaka, goizez Artikutza aldetik Bertizera eta arratsean berriz ere Artikutza aldera bueltan.

Inguruko herrietan jendeak ha­rriduraz begiratu du zerura, sekulan halakorik ez zuela ikusiz erranez horietako aunitz. Esplikazio garbirik ez zioten bilatzen fenomeno honi, baina nolabaiteko azalpena eman digu Jon Martinez lesakarrak.

«Gure inguruan harat eta honat ikusi ditugun txori horiek negu-txontak dira –aipatu digu lesakarrak–, pinzón real gazteleraz, Fringilla montifringilla latineko izen zientifikoaz, eta Artikutza aldean hartu dute lotarako lekua negu honetan». Normalean Europa erdialdean, Fran­tzia edo Herbehere aldean ematen dute negua, baita iberiar penintsulako iparraldean ere, baina inoiz ez zen halako kopururik ikusi ez gure eskualdean, ezta Euskal Herria osoan ere. «Normalean 200-300 elkar­tzen dira, baina aurtengoa harriga­rria izan da». Badirudi gure inguruan jateko ugari topatu dutela negu honetan, iaz pagoek bagatxa aunitz eman baitzuten eta hori aunitz gustatzen zaie. «Milioi eta erdi inguru txori direla kalkulatu da, baina zail da kopurua zehaztea» aipatu digu lesakarrak, baita negua pasatzera gure ingurura etortzen den hegazti bakanetakoa dela ere.

Urtarril hondarrean Bizkaiako Barazar inguruan ere izugarrizko negu-txonta multzoa ikusi zen, «eta Artikutzara, Bianditzen magalera o­tsail hasieran heldu zena multzo hori bera zela uste da, ez baita normala milioi terdi buruko bi multzo izatea». Jon Martinez, Itsas Enara elkarteko Hector Gonzalezekin joan zen Artikutzara txoriak ikustera eta azter­tzera otsailaren 20an, eta ikuskizuna zoragarria zela aipatu digu. «Han­txe zebiltzan Biandi­tzen magalean, lehenik pagoetan geldi­tzen ziren eta gero pinu bel­tzetara pasatzen ziren, bertan lo egiteko. Egunez mugitzen ziren, jatekoaren bila eta berriz ere arratsean lotarako biltzen ziren Artikutzara”.

Udaberriarekin batera, Artiku­tzatik desagertu da txonta eta seguruenik, udaberria eta uda pasa­tzera, Finlandia edo Polonia aldeko mendietara jo izanen du.

 

«Hasieran txori guziak berdinak iruditzen zaizkizu, baina pixkanaka ikasten duzu»

Zein da garairik onena hegaztien behaketarako?

Urte sasoia baino gehiago, espezie bakoitzaren eztei aitzineko eta eztei ondoko garaiak dira ikusteko egokienak, espezie batzuk udaberri hasieran ateratzen dituzte bere kumaldiak eta bertze batzuk ekainean orain­dik bikotearen bila ari dira, kantuz eta kantuz. Baina gure ingurua, hegaztiak azter­tzeko zoragarria da. Errate baterako, Irun-Hondarribiako Txingudiko eremu hori ezin aberatsagoa da hegaztiak ikusteko, neguan batez ere. Trenbidearen eta errepidearen artean sartua dago eta ezagutzen ez duenarentzat, sinestezina dirudi, baina espezie kopuru izugarria dago, ahate-mota pila bat, interpretazio zentrua ere hor dago… Gero, hor dugu Bertiz, pasako hegaztiak ikusteko mendiak…

Denborapasa interesgarria irudi­tzen zaizu hegaztien behaketa?

Hagitz gomendagarria. Bere ikerketa punttua ere badu, hasi nahi duen jendearentzat interesgarria da gida-liburu irakurterraz bat lortzea, hemengo hegaztiak biltzen dituena, ez da beharrezko Munduko txoririk arraroenak izatea. Hasieran, txori guziak berdinak iruditzen zaizkigu, baina poliki-poliki ikasten joaten zara, ezberdintasunak somatzen, ikasten, jakinmina pizten joaten zaizu, eta gero, gida hori ongi kontrolatua duzula iruditzen zaizu, zerbait gehiago behar duzula eta azkenean Svensson gidara ailegatuko zara, profesionalena. Mendian bizpahiru ordu ematen dituzu, pasiatuz eta aldi berean ikusiz eta ikasiz, emozionantea eta polita da.

 

420 KANTU, 10 CDtan

«Zenbait espezie ikustea hagitz zaila da eta kantuaren bidez identifikatzen dituzu. 10 CD ditut, Europa osoko 420 txoriren kantuekin eta horren bidez ere jakiten dugu zer espezie dauden basoan, baina zaila da, aunitz findu behar duzu belarria eta ordu aunitz sartu».


ERAZTUN ZIENTIFIKOA

«Titulua lortzeko 1.500 txoriri jarri behar diezu identifikazio-eraztuna, 60 espezie baino gehiagori, bertze zenbait gauza eta Aranzadik egiten dizun azterketa sakon bat gainditu. Nik hasierako ikastaroa egin dut. Denbora aunitz behar da. Nahi nuke ateri, baina lan gogorra da, dedikazio haundia eskatzen du».


ESALDIA

«Lehen naturaren bidez gidatzen ginen gehiago, baina orain Internet, telebista… hainbertze informazio daukagu!»

Jon MARTINEZ Gorosti Elkarteko begiralea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun