«Txartelik inoiz ez ikusteko sekretua arbitroaren lana errespetatzea da»

Aitor AROTZENA 2011ko uztailaren 21a

Entrenatzailearen izaera taldean isladatzen dela uste du lesakarrak. Aitor AROTZENA

Gaztetan Beti Gazte eta Real Union taldeetan futbolean aritu zen Jose Luis Altzugarai, ‘Zikiro’ lagunentzat. Baina gero palista profesionala izan zen hamabi urtez Bilbon, «palarik garairik onenean». Bilboko garai hartatik, Marino Lejarreta txirrindulari handia pisukide izan zuela gogoan du eta «betirako laguna» duela berekin. Behin pala utzita, ustekabean, Beti Gazteko nesken futbol taldea entrenatzen hasi zen, duela 23 bat urte eta geroztik han-hemen entrenatzaile aritu da, txartelik ikusi gabe.

Beti Gazteko neskak urtebetez entrenatu eta Añorgaren eskaintza jaso zuen Zikirok. Bi urtez aritu zen, eta bietan Espainiako liga irabazi zuen. «Hagitz talde ona zen, Gipuzkoako selekzioa zela erraten ahal da». Añorga utzi eta Bortziriak taldea sortu zen lehenik, Lesaka, Arantza eta batez ere Berako neskekin: «Bi urte izen horrekin egin genuen eta gero Gure Txokoa taldea izan zen. 12 bat urte egin genituen, neska gazte-gazteekin hasi, zerotik, eta lau aldiz irabazi genuen Gipuzkoako liga, Gipuzkoako kopa irabazi genuen behin, liga nazionalean ere hirugarren izan ginen urte batean, urte politak izan ziren, nere oroitzapen onenak ordukoak dira». Talde hartan aritzen ziren Miriam Erkizia, gero Lagunak taldean ariko zena Superligan, «Edurne Telletxearekin batera Espainiako 18 urtez beheitiko selekzioan debutatu zuen», baita Ane Bergara ere, «gurekin haurra zela hasi zen eta berak eman ditu urratsik handienak. Espanyolekin Superliga irabazia du». Baina neskak handitzen joan ziren, batzuk taldea utzi zuten eta desagertu ere egin zen, «pena handiarekin». Gero, Irungo Mariño taldea ere entrenatu zuen, sei urtez. Bilboko Athleticen emakumeen taldea gidatzeko eskaintza ere jaso zuen Altzugaraik, baina ez zen ausartu pausu hori ematera: «Lana utzi behar nuen fabrikan, Lezaman bizi behar nuen, soldata ere bazen, baina arrisku handia zen. Maila horretan ongi ateratzen ahal da, baina gaizki ere ateratzen ahal da, eta segidan etxera bidaltzen zaituzte».

Emakumezkoen futbola utzi eta Beti Gazteko behe kategorietako mutikoak prestatu ditu azken urteetan, emaitza bikainekin. «Nik 23 urtez esperientzia handia dut –dio– eta hori mutikoei pasatzen saiatzen naiz. Entrenatzaileak zenbat eta gehiago jakin eta trasmititzen jakin, gehiago hobetuko da jokalaria».

Emakumezkoen eta mutikoen futbolaren arteko alderik handiena «fisikoa» dela uste du Al­tzugaraik. «Beharbada, orain aldea murrizten ari da, baina futbola ikusten ere abilagoak dira mutikoak, jokaldia nondik egiten ahal den, noiz bizkarrera pasatu, noiz hankara… Seguruenik ttikitatik futbola ikusten dutelako, eta ikusiz ere aunitz ikasten da, baita futbolean aritzen direlako da ttiki-ttikitatik. Teknika aldetik ez dago alderik, badira baloiarekin nahi dutena egiten duten neskak ere».

Zikiroren ezaugarri nagusia, dena den, kiroltasuna da. 23 urteotan ez du txartel bakarrik ere ikusi, ez gorririk ezta horirik ez. «Ez didate ateri eta ez dut uste aterako didatenik ere» dio eta horren sekretua «errespetua» dela dio. «Arbitra­tzea oso zaila da eta beti errespetu handia izan diet epaileei, ez naiz inoiz sartu bere lanarekin». 23 urteotan beti ez da ados egon epaileen lanarekin baina garbi dauka behin kentzen dizuna hurrengoan emanen dizula eta izaera hori bere taldearendako ere ona dela uste du, «azkenean entrenatzailea nolakoa den, ekipoa ere halakoa izanen da. Entrenatzaile beroa eta iskanbilatsua bada, taldea ere horrelakoa izanen da. Nere ekipo guziek hagitz txartel gu­tti ikusi dute, gehienetan kiroltasunaren saria irabazten dugu. Aurten, kadeteek bi txartel hori ber­tzerik ez dituzte ikusi denboraldi osoan». Bere ustez, partida aunitzetan pena ematen du futbol zelaira joateak ere.

ADIBIDEAK

«Neretzat Guardiola adibide on bat da, eta entrenatzaileak elkar­tzen garenean denok gauza bera erraten dugu. Umiltasuna denaren gainetik eta gero, ematen dituen baloreak: laguntasuna, errespetua… eta bertzea, Mourinho, guztiz kontrakoa da: harroa, dena bera, dena bronka, ez da batere polita. Zer izan behar den eta zer ez den izan behar».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun