Uztaileko udal informazioa

Nerea ALTZURI 2011ko uztailaren 21a

Aintzineko agintaldiko ohiturari eu­tsiz, berri­ki estreinaturiko udal taldeak, udal informazioa etxez etxe banatu du. Berrietan tartean honako puntu hauek azpima­rratzen dira.

• Medikuaren etxea.

Medikuaren etxeari dagokionez, iaz etxebizita alokatzeko aukera eman zuen udalak. Deialdian Mirari Leizak bakarrik eman zuen izena eta berari eman zitzaioan etxebizi­tza alokairuan. Hala ere, honen ezezkoaren ondoren, berriz ere enkante publikora atera da alokairu proposamena. Joan den ortzirala arte izena emateko aukera zegoen Herriko Etxean. Etxea alokatzeko hasierako kopurua hilabeteko 300 eurokoa izatea adostu zen joan den hilabeteko udalbatzarrean eta diru gehien eskain­tzen duen proposamenak eta Arantzan erroldatua denak ere lehentasuna izanen dute.

• Auzolana.

Auzolanen ohitura eta betebeharrekin segitzea erabaki du udal berriak. Auzolanen nondik norakoak oroitarazteaz gain, auzo bakoitzetan arduradun bat izanen da:

Bordalarrean Teodoro Pikabea, Azkilarrean Felix Iparragirre, Aien­tsan Josetxo Taberna eta herrian Inaxio Madariaga eta Gotzon Arenas.

Informazio gehiago jakin nahi izanez gero, udaletxera hotseginez, agertuz edo zuzenean, auzolanetako zinegotzia den Inaxio Madariagarengana jo dezake he­rritarrak.

Nolanahi ere, helburua bikoitza dute auzolanek: herria txukun manten­tzea eta, bidenabar, he­rriaren alde lan egitea. Beraz, 18 eta 65 urte tartean dituzten herritar guztiek, ezintasun bat dutenek ez bertze, auzolanak egin behar dituzte. Etxe edo famili bakoi­tzak guttienez, bortz orduko bi egun egin beharko ditu eta egiten ez duen familiak egun bakoitzeko 45 euro ordaindu beharko du. Gogoratu, auzolanetan suer­ta daitezkeen lan istripuak beregain hartuko dituela udalak seguru berezi baten bitartez. Horretarako, aitzinetik Herriko Etxean izena eman beharko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun