Funverako langileek kontzentrazioa egin zuten uztailaren 14an lantegiaren aitzinean. LAB sindikatuak egin zuen deialdia, enpresa ez dela lan akordioko bigarren proposamena betetzen ari salatuz. Akordio horretan 2010 eta 2013 urteen bitartean, kontratazio berriak egin behar izatekotan lan erregulazio espedientean kaleratutako langileak lehenetsiko zirela adostu zen.
LABek dioenez enpresaren egoerak hobera egin du, lana sartzen ari da eta enpresak kontratazioak egin ditu. Batzuk lan erregulazio espedientean kaleratutako langileak izan dira, baina berriki kontratatu diren bi langile ez. Erabaki horren atzean arrazoi ideologikoak daudela uste du LABek. «Enpresak pertsona konkretu bat ez du kontratatu nahi, langile borrokalaria izan delako, LABeko ordezkaria izan delako eta Bilduko hautagaia azken udal hauteskundeetan».
LABek argi utzi du ez duela diskriminaziorik onartuko kaleratutako lankideekin eta horren bukaera komite guztiaren betebeharra dela erran dute.