Aurtengo Lesakako Sanferminak pasata, udalak besten balorazio positiboa egin du. Lesakan bizi izan den besta giroa bikaina izan dela erran du Herriko Etxeak eta egindako balorazioa positiboa izan da.
Segurtasun neurriak hobetzearen beharra azpimarratu nahi izan dute, “ 2.800 biztanleko herri bat izanik, Sanferminetako asteburuan 10.000 biztanleraino iristen gara. Honek eguneroko normaltasuna hautsi egiten du”. Honek duen garrantziaz ohartuta datorren urtera begira neurri zorrotzago eta hobeak aztertuko dituzte.
Udalaren egoera ekonomiko larriak garbitasunean gastuak moztea ekarri du eta argi azaldu dute aurten hartu diren garbitasun neurriak ez direla nahikoak izan, “herritar guztiei, barkamenak eskatu nahi dizkiegu izandako ondorio desatsegin eta zailengatik.” Bide batez, herriko leku desberdinak norberaren borondatez garbitzen lagundu duten herritar guztiei eskerrak eman nahi dizkie udalak.
Aipamen berezia egin nahi izan die programa ofiziletik kanpo herrian giroa jarri tuen talde desberdinei eta programa ofizialean hainbat ekitaldi aurrera eramateko lanean aritu diren bolondresei. Datorren urtera begira, besta komisioa sortu nahi dute Sanferminetarako ekitaldi hobeak, hurbilagoak eta parte hatzaileagoak sortzeko asmoz.