Uztailaren 23an, larunbata, emanen zaio hasiera Herriz Herri txapelketari Berako kiroldegiko atarian 19:00etatik aitzinera. Hiru talde ariko dira lehian, Berriozar, Ultzama eta Bera. Bi proba konbinatuetan lehiatuko dira, lehenengoan lokotx biltzea, zaku lasterketa, korrika eta trontzan ari beharko dute. Bigarren proba konbinatuan berriz lasto botatzea, txinga erutea eta ingude altxatzea izanen dira egin beharko dituzten probak.
Lokotx biltzea bi lagunen artean egin beharko dute lehenengoak 15 lokotx jarri beharko ditu eta bertzeak jarraian bildu. 40 kiloko zakuarekin kirolari bakoitzak bi buelta eman beharko dizkio plazari, guztira 160 metro osatuz. Korrikalariak bortz itzuli eman beharko dizkio plazari eta bukatzeko trontzarekin lau korte eman beharko dituzte.
Bigarren proba konbinatuan lasto botatzen 10 kiloko fardoa barra horizontalaren gainetik altuera handienean fardoa pasatzea lortzen duenak irabaziko du. Altuera bakoitzean bi aukera izanen ditu bakoitzak. 40 kiloko txingekin esku banatan sei plaza egin beharko du taldeko batek eta 18 kiloko ingudearekin 50 jasoaldi egin beharko ditu bertze batek.
Hiru jardunaldi jokatuko dira eta liga sistema erabiliko da irabazlea nor den erabakitzeko. Lehen proba konbinatuan puntuak batuta azken jardunaldian berdinketa egonez gero egindako denborak hartuko dira kontua. Bigarren proban berdinketa suertatuko balitz, irabazlea proba bakarrean erabakiko da. Proba zein den zozketa bidez erabakiko delarik.
Bigarren kanporaketa Elizondon jokatuko da uztailaren 30ean, larunbata, 19:30etik aitzinera. Hirugarren kanporaketa non eta noiz jokatuko den zehaztu gabe dago oraindik.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!