Nafarroako Futbol Federazioak, Erriberako Futbol Eskolaren bitartez hemeretzigarren aldiz antolatu duen kanpusaren lehenbiziko txanda egiten ari dira aste honetan Lesakan. Chus Rodriguez arduradunak aipatu digunez, hameka eta hamabi urte arteko 77 mutiko ari dira uztailaren 11tik 17rako aste honetan, “inoiz baino gehiago”.
Gehienak Erribera, Lizarra, Iruñerri eta Errioxakoak badira ere, tartean badira eskualdeko haurrak ere, 15 zehazki. Horietatik 10 Lesakakoak dira (Javier Parra, Jorge Agirre, Jonan Arbelaitz, Josu Elizondo, Joel Gil, Aimar Otxoteko, Joseba Pagadizabal, Beñat Iantzi, Aimar Zamorano eta Theo Vargas), 4 Elizondokoak (Unai Bertiz, Jaime Quevedo, Alvaro Fernandez eta Adrian Burgete) eta Berako Ethan Garcia.
Zortzi monitore ari dira lanean, Jose Mari Pastor, Javier Rodriguez, Alvaro Haro, Pablo Martinez, Juan Mari Campo, Daniel Castillo, Mikel Corera, Hugo Galilea eta Josu Mendia. Guziek futbol entrenatzaile titulua dute, gehienak Soin Hezkuntzan lizentziatuak dira eta batzuk futbol jokalariak ere badira. Hainbertze partaide izanik, hiru multzotan banatzen dira eta horietatik bi Mastegi futbol zelaian trebatzen diren bitartean, bertze batzuk Beti Gazte elkartearen egoitzan aritzen dira teorika ikasten, mahai-jokoetan, edo bideoak ikusten, eta bertze batzuk, Irain eskolako pilotaleku eta patioan aritzen dira bertzelako ariketak eginez, eta txandaka ibiltzen dira batetik bertzera. Horregatik, Chus Rodriguezek eskerrak ematen dizkie bai Lesakako udalari, bai Beti Gazte elkarteari, ematen dituzten erraztasunengatik. Izan ere, campus honen hemeretzigarren edizioa da aurtengoa eta Lesakan egin dira azkeneko hamarrak. Berez Erriberako Eskolak gauzatutakoa izanik, Cabanillas, Lodosa, Gares eta Beiren eginkatu dute, baina Lesakan laketu dutela onartu du Rodriguezek.