Martxel Arribillaga Indaburu, 18 urteko beratarra, duela sei urte hasi zen Freestyle kirolean eta aurten bigarren urtea eginen du profesional bezala. Espainiako txapeldun ere izan zen joan den urtean. «Bizikletarekin saltoak egin eta airean zauden bitartean, akrobaziak egitea». Halaxe laburbiltzen du kirola, baina noski, «gero eta akrobazia arriskatu eta konplikatuagoa egin, puntuazioaz aparte, zure gorputzeko tentsioa eta adrenalina guztia ere haunditu egiten dira».
Bizikleta saltoetan aritzeko afizio handia dago Beran. Orain gutti arte futbol zelaian pista bat zegoen eta bertan ikasi zuen Martxel Arribillagak. «Baina lurrezko saltoak izanik, mantenimendu aunitz behar dute. Jende aunitz ibiltzen ginen, ez zen moldatzen eta azkenean, udaletxeak genituen salto publiko bakarrak kendu zizkigun». Joan den urte hondarretik zabalik dagoen Lulu Park skate parkeko 7 sozioetako bat da. «Niretzat garrantzitsua da saltoak lantzeko leku estali bat izatea. Neguan ezin da kanpoan aritu, beti bustirik dagoelako, eta kirol hau ezin da lohi tartean praktikatu».
Izan ere, kirol hau egiteko leku aunitz daude, «adibidez nere aitak bere pabeloian 36 metro koadroko espumazko piszina bat egin zuen, mendian ere saltoz beteriko pista bat daukagu, baina niri burnezko rampak eta lurrezko kaidak dira gehien gustatzen zaizkidanak». Neurri ezberdineko saltoak ere izaten dira Freestyle modalitatean, 5 metro, 9 metro, 13 metro… Kirol honetan bizikleta garrantzitsua da, «baina ez garrantzitsuena», Arribillagaren ustez. «Kirol hau non praktikatu izatea hagitz inportantea da. Guk adibidez, gure herrian ez genuenez saltorik eta ez deus, guk geuk egin genituen rampak, kaidak... eta behar diren gauza guztiak. Honetaz aparte, teknika eta indarra izatea garrantzitsua da. Nire ustez, halere, gauzarik inportateena ausardi handia izatea da, kirol honek beldur asko ematen du eta».
Joan den urtean, Movistar Barcelona Extreme konpetizioa egin zen, Espainiako txapelketa ez ofiziala eta beratarrak profesional kategorian parte hartu zuen, estatuko gidari onenekin batera. Azkenean, «entrenamendu aunitz eta gero, txapelketa hau irabaztea lortu nuen». Estatu mailan ez ezik nazioarteko zirkuituetan ere parte hartzen du. «Orain Mallorcara noa, bertako zezen-plaza batean moto eta bizikleten artean exibizio bat egitera. Bertatik Alpetara joango naiz FISE izeneko nazioarteko konpetizioan parte hartzera, munduko gidari onenen artean. Uda bukaeran Alemaniara ere joango naiz bertze nazioarteko konpetizio batera. Hroiek dire oraingoz joango naizenak, baina seguru nago uda honetan holako proba gehiago aterako direla» dio itxaropentsu.
Telebistan, motoek egiten dituzten saltoak gehiago agertzen dira eta, irri artean, aitortzen du noizbait probatzea gustatuko litzaiokeela: «Motorrak betidanik gustatu izandu zaizkit eta espero dut nozbait kirol hori zer den jakitea. Oraingoz dirua aurrezten joanen naiz nozbait motorra erosteko».
Kanpotik begiratuta, kirol hauek estetika berezi batekin, musika jakin batekin, azken finean, bizi-estilo batekin lotzen dira, baina Berako kirolariaren ustez, «bakoitzak gure bizi-estiloa daukagu, gure musika, gure janzkera… baina denboraldiko bizi-erritmoa oso altua da. Bidai aunitz, tentsio handia, obligazioak, hori lesioak kontuan hartu gabe». Onenen artean destakatzea oso zaila da eta bera dagoen tokian egotea ere ez omen da batere erraza izan. Horregatik, «nigan hasieratik konfidantza izan duten jendeari eskerrak eman nahi dizkiet. Scott bizikletak, Ado anaiak eta nire gurasoei lehendabiziko bizikleta erosteagatik…».
AUSARDIA
«Bizikleta garrantzitsua da, baina ez garrantzitsuena. Non praktikatu izatea hagitz inportantea da. Honetaz aparte, teknika eta indarra izatea ere garrantzitsua da. Nire ustez, halere, gauzarik inportanteena ausardi handia izatea da, kirol honek beldur asko ematen du eta».