Eguerdiko 12ak puntu puntuan zirenean hasi zituen atzo Lesakak bere Sanferminak. Justo Urkijo 95 urteko bizkaitarrak izan zuen txupinazoa botatzeko ohorea. Lesakara orain 72 urte iritsi zen errepublikako preso gisa egon zen bataloi disziplinarioan. Agina eta Igantziko bideak egin zituzten. Eskualdeko bertze gazteekin ere Kristo-Eneako futbol zelaia eraiki zuten. Urkijok bere familia eta bitzitza lesakan egin du, atzo bere familiak lagundurik izan zen udaletxean, eta Beti Gazte elkartearen sortzaileetako bat ere izan zen 1940. urtean.
“Gora San Fermin, gora Lesaka bakean eta gora Euskara maitasunez” erran ondotik bota zuen jaiei hasiera eman zien suziria. Ondotik Peio Etxabide alkateak zapi gorria lotu zion lepoan. Lehen suziriaren ondorengoan udal berriko kideek bota zituzten, Peio Etxabide alkateak, Ainara Flores eta Izaro Mitxelena zinegotziek. Plazan trikitilariak, akordeoilariak, txistulariak eta haurren danborradak izan ziren goizean. Arratsaldean Tantirumairu dantza taldekoek emanaldia egin zuten frontoian. Ondotik Peña guztien ordezkariek altxaferoa bota eta danborrada nagusia egin zuten erraldoi, buruhandi eta Lesakako Bandak lagundurik.
Gaur Zubigainekoa
Meza Nagusiaren ondotik Sanferminen irudiarekin prozesioa eginen dute herri guztitik ezpatadantzariek. Ondotik eguerdiko 13:00ak aldera dantzatuko dute Onin errekaren bi aldeetan XV. mendean lesakarren artean lortu zen bakea oroitarazteko, Zubigainekoa eta Bandera Arbola eginen dituzte. Arratsaldeko bezperen ondotik ezpatadnatzari taldeak mutildantza, neskadantza, aurresku eta jotak dantzatuko dituzte Plaza Zaharrean.
19:30ean bertso jaialdia izanen da plazan. Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Julio Soto, Julen Zelaieta eta Xabier Silveira bertsolariak ariko dira kantuan. Gauean Gau Bela taldearen dantzaldia izanen da.